euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txakolinaren Eguna, Zine Zikloa eta Kolektibitateen Azoka, La Platako Euzko Etxearen eskutik

2013/09/17

Euzko Etxea-ko Matxin Burdin Liburutegiak antolatzen duen Zine Zikloa arrakastaz burutzen da ostegunero (argazkiaEE)
Euzko Etxea-ko Matxin Burdin Liburutegiak antolatzen duen Zine Zikloa arrakastaz burutzen da ostegunero (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Kide anitz bildu zituen La Platako Euzko Etxeak Txakolinaren Egunean. San Inazioren omenean burututako ekitaldia aspaldiko lagunak berriro biltzeko aukera ere izan zen eta Yon Andoni de Luzarraga Landea chef euskal-argentinarrak prestatutako menua dastatu ahal izan zuten euskal etxeko gonbidatuek. Berri honekin batera, Matxin Burdin Liburutegia garatzen ari den Zine Zikloa arrakasta handiz burutzen ari dela jakinarazi digute Buenos Aires probintziako hiriburutik. Datorren hitzordua ere baieztatu dute La Platakoek: irailaren 28 eta 29an Gizataldeen Azokan hartuko dute parte standa eta dantza ikuskizun batekin.

La Plata, Argentina. Mota askotako ekintzak eskaintzen dizkio La Platako Euzko Etxeak bere komunitateari. Proposamen batzuk kulturalak dira; beste batzuek, berriz, aisialdiarekin dute lotura. Nolanahi ere, gero eta jende gehiagorengana iristen dira deialdiak eta etxeko kideak ez ezik, lagun berriak ere hurbiltzen dira euskal etxera, adierazten digute bertatik.

Ildo horri eusten dio ostegunero zine zikloak: “Gure asmoa ekintza berriak sortzea da; eta ekintza horien bidez gure kideengana eta oro har komunitatearengana heltzea, artea, une onak eta adiskidetasuna partekatzeko. Izenburu ugariko gure kartelera abiapuntu hartuz, eta ‘kafetxo bat eskuan’, oso elkarrizketa atsegin eta interesgarriak izan ditugu filmen ondoko eztabaidetan; amodioaz eta egoera sozio-politikoei buruz esaterako. Eta barre eta negar ere egin dugu”, azaltzen dute Susana Aramburu arduradun berria duen Matxin Burdin Liburutegitik.

La Platako Zine zikloa 2013 02

[Gero eta partaidetza handiagoa da Euzko Etxean biltzen diren zinemazaleena (argazkiakEE)]

Antolatzaileek jakinarazten dutenez, aurretik La Platako Unibertsitateko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak garatzen duen zine zikloa aurrera doala. Hala ere, abuztuan hasi den programazio honetan ere, ikusi ahal izango dira euskal pelikula batzuk, hala nola “Bypass”, “Método Arrieta” eta “Gazta Zati Bat”. “Bypass”-i dagokionez, zuzendariek berek oparitu zioten kopia bat erakundeari; eta “Método Arrieta” eta “Gazta Zati Bat”, berriz, Argentina eta Mercosur-erako Ordezkaritzaren bidez lortu dituzte.

Zine zikloa ostegunero gauzatzen da, eta bi aste opor ondoren, urriaren 3an jarriko da berriro martxan, ‘La Culpa de Fidel’ izenburuarekin, arratsaldeko 5etan, euskal etxean, sarrera libre eta doan.

Txakolinaren Eguna

Baina lagunak bildu eta arbasoen kultura gogora ekartzeko asmoa Euzko Etxea-ren ekintza guztietan islatzen da. Txakolinaren Eguna, esate baterako, hemengo euskaldunentzat tradizio handikoa den Iñaki Deuna edo San Inazioren omenezko festarekin bat burutu zen; eta bide batez, aspaldiko lagunak berriro elkartzeko aukera polita bihurtu zen.

Afaria prestatzeko laguntzaile berezi bat izan zuten La Platakoek: menua Yon Andoni de Luzarraga Landea chefak prestatu zuen, La Platako “Bixente Ibarguren” Elkarte Gastronomikoaren sukaldariek lagunduta. Gogora dezagun, Yon Andoni de Luzarraga Landea La Platakoa dela, baina Euskal Herrian bizi dela 1986tik.

La Platako Txakolinaren Eguna 2013 01

[Euzko Etxearen Txakolinaren Eguneko irudiak (argazkiakEE)]

Bakailao pintxoak, kroketak eta babarrunak dastatu ondoren, ordu txikiak arte luzatu zen gaua. Euskal Herriko abesti tradizionalak abesteaz gain, behin baino gehiagotan egin zuten topa Euzko Etxea-ko lagunek Bizkaiko Egia Enea txakolinarekin.

Etorkizunari begira, beste eginkizun bat bete behar du Euzko Etxea-k irailaren 28 eta 29an. Hiriko Udalak gonbidaturik, euskal kolektibitatea ordezkatuko du erakundeak hiriko Gizataldeen Azokan. Isla Malvinas Plazan burutuko den jaian, standak eta dantza tipikoak ikusi ahal izango dira aipatu egunetan eguerdiko 12tik gaueko 9etara.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia