euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txakolina moda-modan dago San Frantziskon; AEBtan Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoa dago jada salgai

2007/08/13

Bizkaiko txakolina, gaur egun Estatu Batuetan dasta daitekeen txakolinetako bat; haziz doa euskal ardo mota honen ezagutza eta eskea AEBetan
Bizkaiko txakolina, gaur egun Estatu Batuetan dasta daitekeen txakolinetako bat; haziz doa euskal ardo mota honen ezagutza eta eskea AEBetan

PUBLIZITATEA

'Ardo desberdina, freskagarria eta zapore garratz eta aldi berean gozoa duena'. Horrela deskribatzen dute Estatu Batuetako adituek txakolina, aspaldion gero eta zale gehiago biltzen ari den edaria. Duela urte batzuk AEBtan Txomin Etxaniz marka baino ez zegoen salgai, baina egun Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Txakolinak erosi eta dasta daitezke. Derrick Schneider kazetariak moda berri honi buruzko artikulua idatzi du San Frantzisko Chronicle egunkarian; geuk laburtu eta datozen lerrotara isuri dugu.
Txakolina modan dago San Frantziskon, hori da behintzat Derrick Schneider kazetari eta gastronomia adituak San Francisco Chronicle egunkarian dioskuna. 'Orain dela bost urte ardozale porrokatuek baino ez zuten eskatzen txakolina', azaltzen du. Gutxi ausartzen ziren euskal hitz korapilotsu hori (CHA-koh-lee estatubatuarrentzat) ahoskatzen baina dastatuz gero maitemindu egiten ziren. Ostra eta itsaskiekin jateko aparta da eta ardo hau eskatzeak 'ardo bereziak gustoko ditut' mezua igortzen du'.

Gaur egun txakolina modan dagoen edaria da eta Estatu Batuetan duen banaketa nabarmen hazi da. Duela urte batzuk Jorge Ordoñezek inportatzen zuen Txomin Etxaniz txakolina eskura zitekeen soilik AEBtan, dio Schneiderrek. 'Egun, gutxienez zazpi produktore desberdin daude merkatuan, zazpiak bezero berdinaren interesa piztu nahian', gehitzen du, Ekialde kostatik, New Yorkeko Bar Americaineko Adam Rieglerrek.

Txakolina nola zerbitzatu

Txakolinaren xarmen artean, adituek zapore berezia eta zerbitzatzeko era aipatzen dituzte. 'Donostiako pintxo tabernetan zerbitzariek behe-behetik isurtzen dute hasieran txakolina, baina gero botila edalontzitik asko urruntzen dute. Horrek ardoaren burbuilak bizitu egiten ditu', azaltzen du kazetariak. 'Teknika hau ikustean, bezeroek beti galdetzen dute txakolinari buruz', dio Bar Americaineko Rieglerrek.

Jose Ordoñez izan zen txakolina AEBtara inportatu zuen lehena, baina egun Andre Tamersek, De Maison Selections enpresaren buruak ere erosle asko ditu. Tamersek AEBtan dastatu zuen lehen aldiz txakolina eta iaz 2.000 kaxa inportatu zituen. Aurten 4.000 kaxa izango dira. 'Dena saltzen dugu, txakolinik gabe gelditzen gara', agertzen du. Euskal Herriko produkzioak ere gora egin du, eskariari erantzunez. 'Txakolinak alderdi politiko bat ere dauka, eta askok inbertsio hau euskal kulturaren aldarrikapen bezala ikusten dute', dio Tamersek.

AEBetan eskura daitezkeen txakolinak

Behin iparamerikar merkatuan izena lortu ondoren, txakolina bertan gelditzeko dagoela diote adituek. 'Ardoa ez da gauza esnob bat, gozatzeko zerbait baizik. Txakolinak dibertsio puntu hori dauka', azaltzen du Rieglerrek. Artikulua bukatzeko, kazetariak Estatu Batuetan salgai dauden txakoli batzuk eta euren bertako prezioak aipatzen ditu. Honokoak dira:

-2006 Ameztoi Rubentis, Getariako Txakolina ($16).
-2006 Arabako Txakolina Xarmant, Arabako Txakolina ($14).
-2006 Gorrondona Doniene, Bizkaiko Txakolina ($21).
-2006 Gorrondona Tinto, Bizkaiko Txakolina ($21).
-2005 Txomin Etxaniz, Getariako Txakolina ($15).
-2006 Uriondo, Bizkaiko Txakolina ($14).


Lotura interesgarriak

Txakoli basks in the limelight
Albiste orijinala San Francisco Chronicle egunkarian

De Maison Selections-eko txakolin aukera
www.demaisonselections.com

Arabako txakolinak AEBtara esportazioa hirukoiztu zuen 2006an
www.noticiasdealava.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia