euskal diaspora eta kultura
2013/05/31
PUBLIZITATEA
New York, AEB. Igande honetan Txikifest jaiaren hirugarren edizioa egingo da Manhattanen, newyorktarren artean txakolina ezagutzera emateko asmoarekin. Edari honek harrera oso ona iza du, eta dagoeneko zale asko ditu, jaialdiak izan ohi duen partehartzeak erakusten duen legez. Jaialdiak, gainera, elkartasun alde bat ere izango du, bertan eskuratzen den dirua hiriko GKE bati emango baitiote. "Sanctuary for families" izena du erakundeak eta genero biolentzia jasan duten familiei laguntzea du helburu.
Txikifest jaialdiaren sustatzaileak Eder Montero sukaldari bilbotarra eta Alex Raij chef newyorktarra dira. Txikito, El Quinto Pino eta La Vara jatetxeen jabeak dira beraiek, eta hainbat urtetan txakolina hiri honetan ezagutzera emateko lan eskerga egin dute. Jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundairen laguntza du eta aurten Txikitorekin batera bertan parte hartuko duten jatetxeak honakoak izango dira: La Newyorkina, Huricane Club, Kuma Inn/Uni Nom, Co & Sullivan St. Bakery, La Palapa, Bar Mateo, El Quinto Pino eta La Vara.
Kalea itxiko dute
Txakolin Eguna Chelsea auzoko kale pribatu batean egingo da, eta igandean trafikoa moztu egingo dute. >Bertaratzen direnek Euskal Herriko hiru jatorri-deituretako txakolinak dastatu ahalko dituzte, eta baita jatetxe partehartzaileen pintxoak eta jakiak ere. Antolatzaileek 500 bat lagun espero dituzte.
Txikifest 2013an honako txakolindegiek parte hartu dute: Berroia, Gorka Izagirre, Gorrondona, Itsasmendi eta Uriondo (D.O. Bizkaiko Txakolina); Ametza eta Xarmant (D.O. Arabako Txakolin); Akarregi Txiki, Ameztoi, Bengoetxe, Eizaguirre, Gaintza, Talaiberri, Txomin Etxaniz, Ulacia eta Zudugarai (D.O. Getariako Txakolina).
[Edalontziak partehartzaileen zain iazko Manhattango Txakolin Egunean (argazkia Txikifest.com)]
Jaiak bere lekua egin du jada New Yorkeko kultur eta gizarte agenda aberatsean, bertan izan ohi den giro bikainak lagunduta. Aurten jaialdiaren kartela eta edalontzien diseinua Jordi Labanda diseinatzaile ezagunak egin ditu.
“Txakoli de Bizkaia. El viaje" liburuaren aurkezpena
Jairako giroa berotzen hasteko, gaur bertan “Txakoli de Bizkaia. El viaje” liburuaren ingelesezko edizioa aurkeztuko da hirian. Liburu honek Europako ardoei buruzko liburu onenaren saria jaso zuen “2013 Gourmand Wine Book” lehiaketan. Aurkezpena kazetari espezialdu eta gastronomoei zuzendua da, eta txakoli eta euskal jaki dastaketa bat egingo da ondoren.
Bizkaiko Foru Aldundiak Txikifest-en parte hartuko du stand batekin eta bertan, informazio turistikoa banatzeaz gain, Euskal Herrira bidaia bat ere zozketatuko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus