euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Two Basque Stories', Atxagaren bi klasikoren itzulpena ingelesera AEBetatik Nere Letek egina

2010/01/11

Bernardo Atxaga, Estatu Batuetan, Nevada-Renoko Unibertsitatean eman zuen 2007-08 ikasturtean (argazkia EuskalKultura.com)
Bernardo Atxaga, Estatu Batuetan, Nevada-Renoko Unibertsitatean eman zuen 2007-08 ikasturtean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bernardo Atxagaren bi kontaketa klasiko, euskal publikoarentzat aspaldidanik ezagunak direnak, ingeleseratu eta elkarrekin eman ditu argitara Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) 'Two Basque Stories' izenburupean. 'Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian' eta 'Sugeak txoriari begiratzen dionean' dira testuok, Nere Leteren itzulpena medio oraingoan hurrenez hurren 'Two Letters All at Once' eta 'When a Snake Stares at a Bird' gisa kaleratuak. Liburua, gomendagarria lagun ingelesdunei oparitzeko, ingelesa praktikatzeko edo gustua berritzeko oraingoan ingelesez irakurriz, aise eros daiteke CBSren webgunean edota liburutegirik garrantzitsuenenetan.

Reno, Estatu Batuak. Zerorrek irakurtzeko ez bada, opari bikaina izan daiteke euskal literaturara hurbildu nahi duen lagun ingelesdunarentzat edo baita ere euskal gauzez interes berezirik izan gabe literatura irakurtzea gustatzen zaionarentzat.

Itzulpena duela hogei urtetik gora Estatu Batuetan bizi den Nere Lete errenteriarrak egina da, Atxaga hurbiletik ezaguturik, idazlearen etxeko sukaldean aurrenik; honela kontatzen du itzultzaileak berak, Boiseko Estatu Unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren webgunean.

"Egun hartan, lan hau itzultzeko baimena eskatzera joan nintzen (Atxagaren etxera), nire lizentziatura tesirako. Baiezkoa ala ezezkoa eskuratzea bi minutuko gauza izango zela pentsatu nuen, baina bera oso abegikorra izan zen eta pare bat orduz jardun genuen solasean", azaltzen du Letek.

'Bi letter...' Boisen kokatutako istorioa da: bertan bizi den 80 urteko Old Martin artzain euskaldunak bi gutun jasotzen ditu Euskal Herritik. Bere istorioa, ordea, unibertsala da, edozein immigrantek bere baitan biltzen dituen bizitza, batzuetan itxuraz desberdin eta separatuez.

Atxagaren liburuetan ez da beti honela, baina kasu honetan itzulpena zuzenean euskaratik egina da. Marrazkiak Antton Olariagari dagozkio.

-Informazio gehiago liburuaz argitaldariaren webgunean
http://www.basque.unr.edu/02/2.1t/2.1.1.news.htm#2_stories

-Artikulua liburuaz Boiseko BSU Euskal Ikasketetan
http://basquestudies.boisestate.edu/news.asp?id=39



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia