euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Turismoa egin eta bertsoak atzerrian entzun nahi? Maialen Lujanbioren saioak Estatu Batuetan eta Irlandan

2010/01/15

Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio azken Euskal Herriko Txapelketaren egunean, Andonik txapela Maialeni pasatu zionekoa. Martxoaren 13an biak arituko dira AEBetan, San Frantziskon (argazkia eke.org)
Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio azken Euskal Herriko Txapelketaren egunean, Andonik txapela Maialeni pasatu zionekoa. Martxoaren 13an biak arituko dira AEBetan, San Frantziskon (argazkia eke.org)

PUBLIZITATEA

Turismoa egin eta aldi berean euskal bertsolariak atzerrian ikusi eta entzuteko kapritxoa daukazu? Seguru aukera gehiago daudela, baina oraingoan bi hautatu dizkizugu, eta aldez aurretik esaten, planak egin ahal izan ditzazun, goi mailako bertsolariekin gainera, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna bera tartean. Lehenengoa, AEBetan izango da, San Frantziskon, martxoaren 13an, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña kantari. Bigarrena, berriz, Irlanda Iparraldean, Belfasten, Lujanbio bera eta Jon Maia. Zergatik ez animatu?

Donostia-San Sebastian. Jende askorentzat gauza berezia da atzerrian egonik bertsolaritza bezalako euskal kultur adierazpen bat entzun eta bizi izatea. Bertsolariak, ordea, gero eta zabalagoa daukate euren esparrua, baita esparru geografikoa ere, lehenengo eta behin euskal diasporari eta munduan barreiatuta dauden euskaldunei esker, baina baita ere bertsolaritza bezalako fenomeno batek guregandik aparteko hainbat jenderen artean pizten duen interesa medio. Oraingoan, bi bertso saio bereziren berri ekarriko dizugu, aldi berean adieraziz hegazkin txartelak erosteko urteko sasorik onenean gaudela, prezio merkeenei dagokienez. Hona bada.

Estatu Batuetan, Kalifornian, Euskal Herriko oraingo bertso txapelduna eta aurrekoa, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña, martxoaren 13an arituko dira South San Frantziskon, bertako Euskal Etxean, San Frantziskoko Euskal Etxeak --Basque Clubek-- bere berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu dituen jaietako parte. Euskal Herritik joango diren bi bertsolari hauekin batera, bertako beste lauk kantatuko dute, hala nola, San Frantzisko bertako Johnny Kurutxet eta Gratien Alfarok, Renoko Jesus Goñik eta Wyomingeko Martin Goikoetxeak. Saioaren (16:00etan) ondotik, 19:00etan afari herrikoia izango da. Bertso saioan eta afarian parte hartzeko idatzi etcharren@msn.com helbidera edo deitu 001 650 8717347 zenbakira. Dena den, informazio gehiago, hemen.

Gaur aipagai dakarkigun bigarren saioa Euskal Herritik hurbilago izango da, Europatik atera gabe, Irlanda Iparraldean, Belfasten. Bertso Dinnera deitu diote eta hau maiatzaren lehenean gauzatuko da. Hirugarren Bertso Dinnerra dute hirian, bertako euskaldun talde batek antolatua, eta Maialen Lujanbio txapelduna eta Euskal Herriko Txapelketa nagusi berean hirugarren gelditu zen Jon Maia bilduko ditu kantari. Informazio gehiagorako, idatzi bertsodinner@gmail.com helbidera edo deitu 0044 786 2217414 zenbakira. See you there!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia