Lander Santamariak aurreratzen zuen albiste lazgarria arratsalde honetan Elizondotik, Baztango kronikari grafikoa den bere lagun Ondikol-ek esanik: Alberto Alday hil da. Bat baino gehiagok pentsatu du orduan, arraroa zela azken hilabete honetan bere iruzkinik ez irakurri izana Vascosmexico posta-zerrendan, 'guztia' azken hilabete honetan gertatu baita ia di-da. Linfoma batek, beste zenbait gauzarekin konplikaturik, eraman du, besterik gabe eta oharkabean. Baztan eta Mexiko maite zituen Albertok, eta Mexikoko diaspora baztandarra gutxik bezala ezagutzen zuen. Ohar hau presaz egin dugu, baina egin nahi genuen, hildako adiskidea gogoan.
Donostia-San Sebastian. Alberto Alday Garay gaur ostiral arratsaldean, apirilaren 29an, hil da Bilbon, hilabetez borrokatu ostean deskubritu eta berehala, ia ezertarako astirik gabe, eraman duen eritasunaren aurka. Euskal diaspora ongi ezagutzen zuen pertsona zen, ikertzailea eta jantzia kanpoko euskaldunen gaietan. Familia ere bazuen Ameriketan, hala nola Estatu Batuetako Utah-n, hurbileko ahaidea baitzuen Mary Gaztambide NABOko lehendakari ohia eta erakunde horretako egungo lehendakariordea.
Ongi ezagutzen zituen Ameriketako euskal komunitateak. Berriak gogor kolpatu ditu bertako bere lagun ugariak, askok bere gaitzaren berri izan gabe zuzenean jakin baitute batere espero ez zuten bere heriotzaren berri. Lerro hauek azkar idatzitako lerroak dira, bere heriotza Albertoren arrebarekin telefonoz baieztatu ondoren. Izan ere, berri lazgarriaren lehenengo ezagutza izaterakoan, mugikorrera deitu diogu Albertori, sinetsi ezinik, eta bere ahotsa entzun nahirik telefonoaren bestaldean, baina luze itxaron eta gero bere arreba atera eta berria baieztatu digu.
Berrogeita bost urte zeuzkan eta abokatua eta historialaria zen, nafar emigrazioan eta zahatzago baztandarren emigrazioan espezialdua. Hori dela-eta harreman berezia zeukan Mexikorekin eta Txilerekin, bi herrialdeotan talde-emigrazio baztandar handia izan baita XIX. eta XX. mendeetan.
Beste batzuek telebista medio ezagutzen zuten, denboraldi bat baino gehiagotan izan baitzen Firin-Faran eta ETBko eztabaida-saioetako solaskide partaide.
Gogoan zaitugu, Alberto.
Joseba Etxarri
Euskal Herritik irakurtzen digutenentzat oharra: Alberto Aldayren aldeko hileta elizkizunak Bilboko San Nicolas elizan egingo dira datorren astelehenean, arratsaldeko zazpietan. Igandean azalduko dira egunkarietan obituarioak