euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tucumango Euskal Elkarteak Yerba Buenako Lehenengo Gizataldeen Azokan parte hartu du

2010/11/15

Tucumango euskal elkarteko kideak standean (argazkia TucumánEE)
Tucumango euskal elkarteko kideak standean (argazkia TucumánEE)

PUBLIZITATEA

Tucuman probintzia argentinarrean, Tucuman hiriburuko Euskal Kultur Elkarteko kideek ondoko Yerba Buena hirira bidaia egin dute azaro honetako lehenengo asteburuan, Yerba Buenan egiten zen lehendabiziko Gizataldeen Jaialdian euskaldunen ordezkari izateko. Azokak 3.000 bisitari baino gehiago lortu ditu bere aurreneko urte honetan eta euskaldunekin batera japoniar, andaluziar, criollo, alemaniar, boliviar, mexikar, arabiar eta italiar gizataldeetako ordezkeriek ere hartu dute parte.

Yerba Buena, Argentina. Tucumango Euskal Kultur Elkartea Yerba Buena hirian egiten den lehendabiziko Gizataldeen Azokako partaide izan da azaroko lehenengo asteburuan eta taldeko arduradunek emaitzez egin duten balioespena ezin baikorragoa izan da. Alde batetik euskal taldeak jarri zuen stand-ak euskal kulturari buruz gehiago jakin nahi zuten bisitari asko izan zituen, eta bestetik, Azokako Erreginaren lehiaketan, euskal elkartearen ordezkaria, Maria Andrea Pedraza, Lehenengo Printzesa aukeratu zuten, azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko lehendakari den Juan Jose Lopez Galdonak. 

Ekitaldia Yerba Buenako Alde Zaharreko Marcos Paz plazan egin zen eta asteburuan zehar 3.000 lagundik gora pasa ziren handik, antolatzaileek zabaldu dutenez. Azokan gizataldeen artisautza, gastronomia, dantza eta kultura izan ziren ikusgai.

Fiesta Colectividades Yerba Buena 2010 (1)

[Elkarteko kideak standean (argazkia TucumanEE)]

Fiesta Colectividades Yerba Buena 2010 (2)

[Euskal jatorriari buruz galdetu nahi izan zuten bisitari asko bildu ziren standera (argazkia TucumanEE)]

“Topaketaren helburua turismoa sustatu eta gure jatorria ezagutzera ematea izan da, are gehiago Tucuman inmigrazio handia izan duen probintzia dela kontuan izanik”, azpimarratu du Pablo Torasso, Yerba Buenako Turismo arduradunak.

“Euskaldunek eta italiarrek bisita ugari bildu zituzten eta kolektibitate horietan parte hartzeko gogoa agertu zuten lagun askok", gehitu du.

Fiesta Colectividades Yerba Buena 2010 (3)

[Tucumango euskaldunen ordezkaria, ezkerretik bigarrena, erreginaren aukeraketan (argazkia TucumanEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia