euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ttipi-ttapa Telebistako bi kazetarik Estatu Batuetara bidaia egingo dute euskal artzainak elkarrizketatzeko

2007/02/16

Bortzirietako Artzainak Ameriketan DVDaren azala
Bortzirietako Artzainak Ameriketan DVDaren azala

PUBLIZITATEA

Joan den azaroan Lesakako Udaletxeak argitaratu zuen 'Bortzirietako Artzainak Ameriketan' liburu eta DVDak eskatzen zuen jarraipena izango da. Liburu hartan Ameriketan artzain ibili ondoren Euskal Herrira bueltatutako bortziritarrak elkarrizketatu zituzten eta orain Goizalde Urdanpileta eta Edurne Zubieta kazetariak Estatu Batuetara bidaia egingo dute bertan gelditzea erabaki zutenen testigantza biltzeko. 'Hemengoek hangoa dute gogoan, eta Estatu Batuetakoek Euskal Herriarekin amesten dute. Biak elkartu nahi ditugu, itsasoz gaindi', azaltzen du Urdanpilletak. Bi kazetariek ia hiru astetako ibilbidea egingo dute, AEBtako hogei bat hiritan zehar. Bere istoria kontatu eta proiektuan parte hartu nahi duten pertsonei eurekin kontaktuan jartzeko gonbitea luzatzen diete Ttipi-ttapakoek.
Ttipi-tapa herri telebistako Goizalde Urdanpilleta eta Edurne Zubieta kazetariek Estatu Batuetara bidaia egingo dute datorren maiatzaren 25ean, bertako euskal artzainak elkarrizketatzeko. Proiektuaren emaitza Ttipi-ttapa eta Euskal Herriko beste sei herri telebistetan emango dituzten 17 ataleko erreportaia saila izango da. Elkarrizketok 'Bortzirietako Artzainak Ameriketan' liburu-DVDek hasitako bideari bukaera biribila emango diote, bertan Bortzitietatik Ameriketara artzain joan eta Euskal Herrira bueltatu zirenen testigantzak biltzen baitziren, eta udaberri honetan gauzatuko den proiektu honekin han gelditu zirenen ahotsa eta bizipenak ere ekarriko baitituzte Euskal Herrira.

Proiektuaren helburua euskaldunen 'memoria historikoaren zati hau berreskuratzen laguntzea da, Estatu Batuetan gelditu ziren euskal artzainen testigantzak jasoaz', azaltzen du Goizalde Urdanpilletak. 'Bortzirietako Artzainak Ameriketan' liburua osatzerakoan horietako batzuekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuen kazetariak eta haien istorioek bazutela mamia ikusi zuen. Lesakarrak ziren denak: Nicolas Fagoaga (Elko), Alfontso Igoa (Elko), Pedro Lasa (Utah), Abel Mendegia (Reno), Joxe Migel Rekondo (Elko) eta Migel Taberna (Kalifornia). 'Esperientziaren alde honetan sakondu beharra zegoela pentsatu genuen. Batzuk hona itzuli ziren, baina ez zuten laket eta bueltatu egin ziren Ameriketara. Hemengoek hangoa dute gogoan eta Estatu Batuetakoek Euskal Herriarekin amets egiten dute. Biak elkartu nahi ditugu, itsasoz gaindi', azaltzen du Goizaldek.

Bakersfieldetik Boisera ibilbidea

Telebista talde nafarraren bidaia Bakersfield-en hasiko da eta kazetariek bertako Euskal Jaia eta inguratu ohi diren euskaldunak grabatzeko baliatuko dute aukera. Ondoren 1.500 kilometroko bidaiari ekingo diote, bidean Fresno, Madera, Los Baños, San Ramon, San Francisco, San Jose, Oakland, Redwood City, Palo Alto, Sacramento, Placerville, Lake Tahoe, Gardneville, Minden, Carson City, Reno, Winnemuca, Elko eta Boisen grabaketak egingo dituztelarik. 'Gure asmoa ahalik eta elkarrizketa eta erreportaia gehien egitea da', azaltzen du Goizalde Urdanpilletak. 'Artzainen elkarrizketak taldean zein bakarka egingo ditugu eta hango euskaldunen jaiak eta euskal etxeren bat ere grabatuko ditugu, Euskal Herriko ikusleek ahalik eta aurpegi gehien, ezagunak edo ez, ikusteko aukera izan dezaten'.

Parte hartzea konfirmatu duen artzainetako bat Jose Luis Arrastio da, egun San Franciscoaldean bizi den arizkundarra, eta jada kontaktu zerrenda luzea bilduta dutela argitzen dute kazetariek. Hala ere beraien istorioa kontatu eta proiektuan parte hartu nahi duen orori eurekin kontaktuan jartzeko gonbitea luzatzen diete Ttipi-ttapakoek, e-mail honetara mezua bidaliz. Estatu Batuetan zehar bidaitzen ari direla, kazetariek eguneko kronika bidaliko dute Ttipi-ttaparen web gunera, abentura beraiekin batera bizi nahi dutenentzako. Bueltatu eta gero erreportaiak Euskal Herriko zazpi herri telebistotan izango dira ikusgai, baina DVDan ere argitaratuko dituzte, eskuragarri beraz Estatu Batuetatik proiektuan parte hartu dutenentzat eta baita ere Euskal Herriko historiaren izati txiki baina esanguratsu hauen testigantza gorde nahi dutenentzat.


Lotura interesgarriak

Ttipi-ttapa telebista
www.ttipi.net

'Testimonios de pastores de las Cinco Villas emigrados a EEUU'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 1ean

'Artzain Amerikanuen Eguna en Lesaka'
EuskalKultura.com-en argitaratua, 2006ko urriaren 23an

'Presentación del libro 'Sunbildarrak Ameriketan (1898-1993)'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia