Trujillo, Peru. Aurrez aurreko ekitaldia iragarri du bihar larunbaterako, otsailaren 19rako, Trujilloko Euskal Etxeak, beti ere pandemia neurriak errespetatuz. Afari bat izango da, San Valentin izan berria den honetan 'Adiskidetasunaren Eguna' ospatzeko. Afaria batetik eta zozketa bat ere gauzatuko du bihar EEak, eta Zoom bidez konektatuko dute afarira bildutakoek emaitzak ezagutu eta ondoren afaltzen segitzeko. Zozketaren helburua, elkarteak euskal kultura sustatze lanetan egindako gastuei aurre egitea.
"Afaria xumea izango da, asmoa eustea, senidetasuna eta elkarrekiko harremana sustatzea izango baita", azaldu dute Zentrotik.
Zozketako txartelei dagokienez, bakoitzaren prezioa, 5 solekoa da. Afariarena, 15.
PROGRAMA
- 19:00 Harrera parte-hartzaileei
- 19.30 Zozketa
- 19.45 Afaria
- 20.30 Solasa eta Karaokea
Gogora dezagun Trujilloko Euskal Etxeak lau urte bete zituela joan den abenduan. Lokal bat ere hartu zuten errentan 2021eko urtarrilean egoitza legez eta jarduerak antolatzeko. Orain arte, elkarteko bazkide fundatzaile batzuk ari dira gastu gehienak ordaintzen eta, horregatik, zozketa hau antolatzea pentsatu zuten, egoera horretan laguntzeko, eta guztien artean pandemiak gaiztotu duen egoera ekonomikoa ere normalizatzeko. Bazkide kuota ordaindu ez duten bazkideei, arduraz jokatzea eskatzen zaie.
-Facebook Trujilloko Euskal Etxea