euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tronpeta eta organo kontzertu batekin hasiko da gaur Buenos Airesen Euskal Echea-ko 2015eko musika klasiko zikloa

2015/04/09

Buenos Aireseko Euskal Echea Institutuko kapera (argazkia EE)
Buenos Aireseko Euskal Echea Institutuko kapera (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

2015eko emanaldi zikloa gaur bertan jarriko du abian Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea (sic) erakundeak eta azarora arte luzatuko da. Hilabeteko maiztasunarekin, artista ugari bilduko dira hiriburuko Euskal Echea ikastetxeko Sarandi kaleko kaperan jatorri eta egile anitzeko errepertorioak plazaratzeko. Gaurko hitzordua iluntzeko 7etan da, Fernando Ciancio tronpetari eta Enrique Rimoldi organistaren ardurapean. Sarrera libre eta doan. 

Buenos Aires, Argentina. Azken urteotan urtero antolatu ohi du kontzertualdi hau Euskal Echea erakundeak, Buenos Airesko sarandi kaleko bere egoitzari lotua. Ekimenaren helburua bikoitza da; batetik, musika klasikoari tokia ematea bere jardueren artean eta arloa honetan ere komunitatearen formakuntza aberastea; bestetik, "Kilgen & Son" kalitate handiko organoari –Argentinan bakarra omen– etekina ateratzea eta bere soinua entzutea. Kontzertu guztietan, euskal egileren baten piezaren bat ere programetako parte izango da.

2015eko zikloko lehenengo emanaldia gaur izango da, arratsaldeko 7etan, eta bi zatitan egongo da banatuta. Hasteko, hitzaldi bat emango dute Fernando Ciancio eta Enrique Rimoldi musikariek ondoren joko dituzten piezak azaltzeko; hitzaldia bukatuta, Johann S. Bach, Marc A. Charpentier, John Stanley, George F. Haendel, Jeremiah Clarke eta Felipe Gorriti musikagileen lanek osatutako errepertorioa joko dute.

Datozen hilabeteetako egitarauari dagokionez, hauexek dira oraingoz finkatuta dauden datak eta musikariak:

-Maiatzaren 14an, Mercedes Garcia Blesa (soprano), Gabriel Schebor (bihuela) eta Ana Paula Segurola (organo). Euskaldun, portugaldar eta gaztelauen gurutzatzea Errenazimentua: antxietarrak
-Ekainaren 11an, Osvaldo Guzmanen organo kontzertua
-Irailaren 3an, Euskal Echea-ko abesbatza (Jose Antonio Cardozo zuzendari); Lagun Onak abesbatza, (Miguel Pesce zuzendari); Jose Maria Gutierrez (txistulari) eta Javier Davalos (organo jotzaile)
-Urriaren 1ean, Uruguaiko Cristina Garcia Banegasen organo kontzertua.
-Azaroaren 5ean, Cristina Deanna eta Ana Paula Segurola musikarien lau eskuz jotako organo kontzertua

Emanaldiak Sarandi kaleko Euskal Echearen Kaperan izango dira –Sarandi 735–, sarrera libre eta doakoa. Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi info@euskalechea.esc.edu.ar helbidera edo jar zaitez kontaktuan Facebook bidez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia