euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tripota besta ederra ospatu ondoren, prest dago Gardnervilleko Euskal Etxea martxoan bere Mus Txapelketa arrakastatsuari ekiteko

2015/02/17

Jean Pierre Izoco-ren tripota errezeta goraipatu du JT's euskal jatetxeko jabe Mari Louise Lekumberr-k (argazkia: Mendiko Euskaldun Kluba)
Jean Pierre Izoco-ren tripota errezeta goraipatu du JT's euskal jatetxeko jabe Mari Louise Lekumberr-k (argazkia: Mendiko Euskaldun Kluba)

PUBLIZITATEA

"Estatu Batuetako tripota besta ezagutuena, Gardnerville-n antolatzen duguna da", esan dio EuskalKultura.com-i Anita Izoco, bertako euskal etxeko lehendakariordeak, berehala emendatzeko aurten, otsailaren 8an eginikoa, "inoizko handiena” izan dela. Orain, AEBetako euskaldunen artean oiartzun berezia lortzen duen beren Mus Txapelketa ari dira prestatzen, martxoan, 60-70 bikote partaide. Geroago etorriko da, abuztuan, aurten Gardnervillen tokatzen den NABO Euskal Kantari Eguna.

Gardnerville, AEB. “Mendiengatik-eta, Euskal Herriaren antza hartzen diotelako maite dute anitzek hona (Gardnerville-ra) etortzea”, azaltzen du Izocok. “Baina egiten dugun tripotagatik ere bagara ezagunak”. Xifrek baieztatzen dute atxikimendu hori, 130 lagun baino gehiago bildu baitziren otsailaren 8an Mendiko Euskaldun Kluba-ren urteroko tripota bazkariaz gozatzera. “Mukuru zegoen jatetxea”, adierazi du, bere aldetik, Marie Louise Lekumberry-k, bazkaria egin zen JT euskal jatetxeko jabeak.

Winnemucca-tik, Nevada mendebaldeagotik, egin zuten batzuek bertarainoko bidaia, hiru ordu luzeko gidaldia. Argi eta garbi uzten du horrek Jean Pierre Izoco-ren –“tripota egileen txapelduna”, Lekumberry-ren esanetan− badituela jarratzaile eta zale finak. Tripota/odolkiaz gain, zopa, entsalada, oilaskoa eta patata frijituak ere jan zituzten eta, gerora, ez dantzarik ez musikarik, ez baitago egun jakin honetan horretarako ohiturarik. “Jendeak hemen musean maite du, eta oaingo honetan ere halaxe egin zuten”, adierazi du Marie Louise Lekumberryk.

Martxoaren 21an, Mus Txapelketa

Eta tripotaren ondoren, Estatu Batu mendebaldeko euskal komunitateetan --Kalifornian batez ere-- oiartzun handia daukan Gardenervilleko beste jarduera edo eskaintza bat: mus txapelketa. Hiru hamarkada betetzear dago Gardnerville-ko karta norgehiagoka. Aurtengo edizioa, Carson Valley Inn Casinon egingo dute. “60-70 talde espero ditugu, 130 lagun inguru”, aurreratzen du Izoco-k. Nevada osotik zein Kalifornia eta Utah-tik heldutako jokalariak agertuko dira, antolatzailearen prebisioen arabera.

Hitzarmena dauka Mendiko Euskaldun Klubak kasinoarekin, Euskal Etxea jatekoaz arduratu ez dadin. Txorizoa eta xingarra, baina, Jean Pierre Izoco arduratuko da eramateaz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia