euskal diaspora eta kultura
2008/07/01
PUBLIZITATEA
Zegama, Gipuzkoa. AEBetako euskal komunitateak Trikizio taldearen musikarekin gozatzeko aukera bikaina izango du udazken honetan, taldeak egingo duen iparamerikar birari esker. Trikizio 1999an sortu zen eta trikitixa eta euskal musika tradizionala rockarekin nahastea da taldearen estiloaren ardatza. Partaideak honakoak dira: Xabier Arakama, trikitixa eta ahotsa; Jon Arruti 'Tuti', baxua eta ahotsa; Iban Gurrutxaga, gitarra, eta Unai Lopetegi, bateria. Taldeak bere azken lana kaleratu berria du, 'EusCat' izeneko diskoa. Lan honetan Trikiziok azken 25 urteetako euskal eta kataluniar kantu mitikoak bertsionatzen ditu, bi kulturei keinu berezia eginez: euskal kantak katalanez kantatzen dituzte eta katalanak euskaraz.
Diskoak taldeak kataluniar musikarekin duen harreman estua islatzen du. Azken urteotan kontzertu asko eman dituzte Katalunian, asko Bartzelonako Euskal Etxearen konplizitatearekin. Adibidez, iazko EH Sona! jaialdira gonbidatu zituen euskal elkarteak. 'Sorpresa galanta hartu genuen, 400 pertsonentzako areto batean gu bakarrik programatu gintuztelako. Eta gainera sarrera ordaindu behar zen! Nor etorriko da gu ikustera, pentsatu genuen, baina, harrituta gelditu ginen, aretoa jendez lepo bete zelako', azaltzen du taldeko kantari Xabier Arakamak. Suitzako euskaldunekin ere harremana dute eta hango euskal etxeak antolatutako ekimenetan eman dituzte hainbat kontzertu.
Euskal Diasporarekin duten istorioa ez da hemen bukatzen eta Arakamak oroitzapen oso onak ditu orain dela hamar urte AEBetako euskal etxeetan zehar egin zuen bira hartaz. 'Trikitixarekin joan ginen eta hamaika euskal etxetan jo genuen. Duela sei urte berriz ere joan nintzen eta harrez gero lagun asko ditut AEBetan', azaltzen du. Oraingoan taldea urriaren 16tik 27ra izango da AEBetan eta nahiz eta datak oraindik irekita dauden Elkon (Nevada), Boisen (Idaho) eta San Frantziskon (Kalifornian) kontzertuak emango dituzte. 'Bidaia prestatzerakoan bi asteburu hartu nahi izan ditugu, horrela ahalik eta kontzertu gehien eman ahal izateko', kontatzen du Arakamak. Kantariak euren kontzertu bat antolatu nahi duten euskal etxeei taldearekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten die, elkarrekin datak eta aukera desberdinak aztertzeko. Taldearen azken diskoa erosteko edo Trikiziorekin harremanetan jartzeko, bidali e-maila hona.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus