euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Trikifollia" trikitixari buruzko roadmovie-a crowfunding bidez dabil azken bultzadaren bila

2013/06/19

"Trikifollia" dokumentalak musikari talde honek Italiara egingo duen bidaia jasoko du (argazkia Trikifollia)
"Trikifollia" dokumentalak musikari talde honek Italiara egingo duen bidaia jasoko du (argazkia Trikifollia)

PUBLIZITATEA

Trikitia euskal musika tresna ezagunenetakoa bada ere, XIX. mendeko erdialdean heldu zen geurera, Euskal Herriko trenbideetan lan egitera etorri ziren langile italiarren eskutik. Orain, Unai Guerra zuzendariak euskal trikitilari talde bat eraman nahi du musika tresna honen sorterrira, eta bidaia "Trikifollia" izeneko road movie dokumentalean jasoko du. Ekainaren 29an irtetzekoak dira, baina horretarako finantziazioa behar dute. Crowfunding sistemaren bidez 5.000 euro bildu dituzte jada, baina azken bultzadatxoa falta zaie. Anima zaitez eta lagundu trikiti zale hauen ametsa betetzen!

Donostia-San Sebastian. Donostiako musika eskolako eskusoinu ikasle talde batek akordeoiaren hiriburu mundiala den Castelfidarfo hiri italiarrera bidaia egingo dute hil honen hondarrean, "Trikifollia" izeneko dokumentala grabatzeko.

Unai Guerra da egitasmoaren zuzendaria eta bere asmoa bikoitza da: batetik, bidaia honen bitartez trikitiaren historia azalduko du, eta bestetik, road movie estiloko narrazioaz baliatuz, ikasle hauetako bakoitzaren istorioak, esperientziak eta ametsak jasoko ditu. Beraiek Mariaje, Lurdes, Roberto, Regina, Jose Luis, Jexus, Xanti, Juanito, Pili... dira eta abiatzeko irrikaz daude.

Finantziazioa crowfunding bidez

Ametsa betetzeko, baina, betiko leloa: finantziazioa eskuratu behar dute lehenik. Dokumentalaren inguruan trikitixa eta zinemazale talde polit bat bildu da --besteak beste Igor Urdaniz (argazkilaritza zuzendaria), Marta Berard (gidoilaria) eta Mikel Goñi (ekoizlea)-- eta crowfunding sistemaren bitartez kanpaina abiatu zuten sos horiek biltzeko. Dagoeneko 100 lagundik gora egin dute bat kanpainarekin eta pauso handia eman du taldeak finantziazioa osatze aldera.

Halarik ere, azken bultzadatxoa behar du proiektuak eta zazpi egun baino ez dira gelditzen dirua --gutxieneko 9.300 euroak, behinik behin-- biltzeko. Ekarpenak 5 eurotan hasten dira. Parte hartu nahi baduzu, sar zaitez "Trikifollia" dokumentalaren orrian Goteo.org plataforman, hemen.

Dokumentalari buruzko informazio gehiago egitasmoaren Facebook orrian, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia