euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trikia gogor AEBetan; Kepa Junkerak aurrera darrai 'Herria' lanarekin, bere nazioarteko trilogiako hirugarrena

2010/06/07

Kepa Junkera Mike Bidart kaliforniar euskaldunari so eta grabatzen Chinon, abokatu eta afizioz musikari den amerikar euskaldun peto-peto den honen etxeko kantxan
Kepa Junkera Mike Bidart kaliforniar euskaldunari so eta grabatzen Chinon, abokatu eta afizioz musikari den amerikar euskaldun peto-peto den honen etxeko kantxan

PUBLIZITATEA

«Duela urte batzuk apustu bat egin nuen. Musikari gisa erronkak behar dituzu; badira mirestu eta beti lankide nahi izan dituzun artistak eta horiekin lan egitea energia-emaile da niretzat». Honelako erabateko hitzez mintzo da Kepa Junkera 'Etxea' eta 'Kalea' lanak aipatzen dituenean. Hiru grabaketa lanek osatutako trilogia bateko lehenengo bi izenburuak dira, 'Herria'rekin, hilabete gutxi barru bukatuko den trilogia, munduko hainbat artistaren ahotsak lankide euskaraz kantatutako kantu tradizionalen bertsio sorta baten bilduma bat baino gehiago den proiektua.

Los Angeles, Kalifornia, AEB. Proiektu honen lehenengo bi entregak 2008 eta 2009an plazaratu ziren eta 'Herria' izena eramango duen hau ere urte hondarrerako dago iragarria. Estatu Batuetan ari da piezak garabatzen, eta jatorri askotako musikariak grabatu ditu, tartean irandar jatorrikoak, korearrak, navajo inidoak eta blues talde bat besteak beste; eta aldi berean bertako euskal komunitatea partaide ere aritu izan da, komunitateko musikariekin elkarlanean.

Proiektua musikatik haratago doala esan ohi du. San Frantzisko, Los Angeles, New York bezalako hirietan ibili da estudiotan eta musikari arituekin, baina baita ere kalean, baita kaleetan topatzen duen jendearekin eta musikariekin ere. Kamera bat eta argazkilari batekin dabil. Kalifornian eta beste estatu batzuetan bildu dituen lekukotasunetako batzuk euskal amerikanoak dira, Estatu Batuetako euskal musikariak, bertan jaioak izanik euskaraz kantatzen dutenak eta euskal musika egiten dutenak. Asko zor diela esaten du Kepak.

Besteak beste Chinoko Noka taldeko hiru emakumeekin ibili da eta grabatu du, baita horietako baten aita den Mike Bidart abokatu eta akordeo diatonikojolearekin. Boisen, San Frantziskon, Bakersfield-en, Chinon, euskal komunitateak laguntzaile izan ditu. Urte hondarrerako ateratzea espero du, eta hogei edo hogeitik gora pieza bilduko ditu: CD bikoitza izango da, aurreko 'Etxea' eta 'Kalea' bezala.

Honi guztiari buruz, artikulua eman zuen argitara joan den igandean gaztelaniaz Diario Vasco egunkariak. Hiru zatietatik, bi gaztelaniaz eta bakarra dauka euskaraz. Euskarazkoa, lerro hauen azpian daukazu. Gaztelaniazkoak, lotura honetan, hemen irakur ditzakezu.

MUSIKAREN BIDEZKO ZUBIGINTZA

Soinu txikia bera, Kepa Junkerari mundua korritzeko aukera ematen ari zaion musika-tresna, da mestizajearen lekuko zuzen eta egokienetakoa, atzerritik etorria izanik eusko label guztiak bereganatu baititu. Musikak mugarik ez duela, alegia, esaera soila baino gehiago da, nahiz eta badiren, Kepa Junkeraren moduan, musikak berezkoa duen zubigintzarako dohainak propio landu dituzten euskal musikariak.

Junkerak berak hogei urte daramatza, 1990ko 'Triki up' diskotik aurrera batik bat, musiken eta kulturaren arteko mugak lausotzen, baina bada askori bidea ireki eta erakutsi dien beste erreferente nagusi bat, Fermin Muguruza. Orain ia hamar urte Palestinara hurbildu eta han ikusi eta ikasitakoa erakutsi zigunetik musikak zubigintzarako duen gaitasuna kulturaz haragokoa izan daitekeela behin eta berriro frogatu du irundarrak. Langintza horretan dihardu, Al Jazeera telebista katearen eskutik.

Beste Muguruza batek, Iñigok, «mestizajearen beste muturrean dogmatismoa eta faxismoa daude» esan zuen elkarrizketa batean, duela hilabete batzuk mikroak betiko itxi zituen taldearen disko baten kaleratzea zela eta. Mestizajea bizi eta sorkuntza bide egin dutenen artean ezinbestean aipatu behar da Harkaitz Martínez de San Vicente, Igor Otxoa eta Mikel Ugarte Oreka Tx osatzen duten txalapartarien proiektu bidaiaria: Nömadak Tx, India, Sami herria, Maroko/Tinduf eta Mongolia korritu dituena. Gutxienez bi lagunen artean jo behar den tresna partekatzearen ikur bilakatu dute, eta «mundu zabala gure zain» dagoela diote...

(2010-06-06an argitara emana El Diario Vascon)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia