Buenos Aires, Argentina. Euskara irakatsi eta zabaltzea du helburu nagusi Buenos Airesko Euskaltegiak eta irmo eusten dio asmo horri, Argentinako ikurra den Obeliskotik hurbil-hurbil daukan egoitzan. Eta bertatik aterako da 9. Triki-poteoa, otsailaren 29an, larunbata, San Telmo auzo famatuko kaleetan murgiltzeko. Hitzordua arratsaldeko 7:30etan da, Bernardo de Irigoyen kaleko 826an eta Euskaltegian hartuko dute lehenengo potea. Trikitixa Irati Lezamaren ardura izango da, etxeko musikariak eta dantzariak lagun.
Euskara eskolen lagun den ekintza egitarauaren hurrengo urratsean, Triki-poteoaren ostean euskal zinema etorriko da eta martxoaren 6an Euskaltegiak Carlos Gabilondoren Euskal Zinema Ibiltariari irekiko dizkio ateak; proiektu honen 10. urteurrenean, 10 film proiektatuko ditu Gabilondok 2020an Euskaltzaleak-en, bana hilabetero. Lehenengo saioan, emakumeak omentzen dituzten laburmetraia eta pelikula estreinatuko ditu, Martxoaren 8ari begira.
Proposamen berrien artean, Pintxo Tailerra ere eskainiko du Euskaltzaleak-ek. Lehenengo topaketa martxoaren 12an izango da, osteguna, eta parte hartu nahi dutenek euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidera idatzi eta izena eman beharko dute. Urteko ohiko ekimenen ordutegia –euskara klaseak, dantzak, abesbatzaren entseguak– oraindik ez dago finkatuta baina izan bezain laster jakinaraziko dute.
Informazio gehiago, euren Facebook kontuan.