euskal diaspora eta kultura
2009/03/11
PUBLIZITATEA
Tres Arroyos, Argentina. Aurten ere Emakumearen Astea Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxera helduko da, martxoaren 17tik 20ra. Ekimenak La Voz del Pueblo egunkariaren babesa du eta herriko Kultur Zuzendaritzaren --euskal etxearekin lankidetza estua duena-- laguntza du.
Egitarauari martxoak 17an, asteartean, emango zaio hasiera Marina Villanueva doktoreak emango duen "La mujer divorciada y sus derechos legales" hitzaldiarekin. Asteazkenean Isabel Tarchinale doktoreak "La mujer y los hijos del divorcio, la organización familiar" gaia izango du hizpide eta ostiralean, martxoaren 20an, "El impacto psicológico en la mujer divorciada" izango da gaia, Liliana Mortati psikologoak eta psikiatria eta psikologia kliniko aditua den María Inés Grignolik gidatuta.
Egun berean, Gabriela Arias Uriburu izango da euskal etxean. Gabriela 'duela hamar urte aitak bahitu eta Jordaniara eraman zituen hiru semeen ama da', Hiru Errekako iturriek azaltzen dutenez. Gabriela Cecilia Varela psikologoarekin batera izango da Tres Arroyosen eta elkarrekin "Mujeres que corren con los lobos" izeneko lantegia emango dute.
"Mujeres que corren con lobos" lantegia
Lantegian parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute martxoaren 16tik 18ra eta irakurri beharreko materiala --"Mujeres que corren con lobos", Clarissa Pinkola Estés egilearen liburuaren zatiak-- jaso. Elkarteak material honen fotokopiak banatuko ditu.
Hitzaldietan bost pesotako sarrera txartela kobratuko da; eta lantegian parte hartzeak, materiala barne, zazpi pesotako prezioa izango du, antolatzaileen gastuak ordaintzen laguntzeko. Parte hartze aktiboa eta engaiatua izatea espero da eta izena ematen dutenei materiala irakurtzeko eskatzen diete antolatzaileek.
Emakumeari buruzko lan erreferentziala
Xrisi Athina Tefarikis-en aburuz, lantegiaren ardatz izango den "Mujeres que corren con lobos" lana (Clarissa Pinkola antropologo eta psikoanalista iparramerikarrak idatzia) 'antzinako emakumeen eta lurrarekin harremana zuen emakume primitiboaren jakituria jasotzeko gonbidapena da'.
'Pinkolak naturari begiratzera behartzen gaitu, naturaren eta geure zikloak errespetatuz. Emakumeen jakituriaren oinarria haurdunaldi, bizitza eta biztuera denborak errespetatzean datza. Naturak egiten duen bezala. Sexu ahula deitzen duten hori otsoen portaerarekin lotzen da liburuan: basatia baina ezinbestekoa giza nortasunaren garapenerako. Emakumezkoen sexuari bere berezko izaera kentzen joan diren hamaika kultur eragile daude, adibidez perfektzioarekin obsesioa fisikoan eta arlo profesionalean. Pinkolak emakume argalen ideiari uko egiten dio ere, emakumeek bere aurrekoen formak jarraitu behar dituela esanez, modaren ordez, modak bere naturaren aurka egiten duelako'.
Bakoitzaren senarekin harremanetan jarri
'Lan honek duen alde zirraragarri eta esanguratsuena emakumeari bere espiritualitatearekin bat egiteko egiten dion deia da. Bakoitzaren senarekin harremanetan jarri eta garatzeko deialdia eta sormena etengabe garatzeko gonbitea da, dantza, idazkuntza, arteen bidez.... Horrela soilik lortuko dugu geure materia eta geure izpiriturekin orekan bizitzea'.
Emakumearen Astea Hiru Erreka Euskal Etxearen egoitzan (Sarmiento 375) egingo da eta mintzaldiak 19:30tan hasiko dira. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, deitu 421121 telefonora, astelehenetik ostiralera (18:00etatik aurrera) edo idatzi helbide hauetara: hiruerreka@3net.com.ar, gladyssalcedo@ciudad.com.ar edo clydevizzolini@hotmail.com.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus