euskal diaspora eta kultura
2011/03/14
PUBLIZITATEA
Tres Arroyos, Argentina. Emakumeen aurkako erasoak gero eta gehiago dira Argentinan. Biktimen kopurua hazten doa urtez urte eta oso zaila egiten zaio gizarteari izurritea bezain azkar zabaltzen ari den gaitz hau menperatzea. Kari horretara, eta Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunen markoan, 'Hiru Erreka' Euskal Etxeak, Herriko Kultur Zuzendaritza, “La voz del Pueblo” egunkariarekin batera, Lorena Maciel kazetaria gonbidatu zuen genero-indarkeriari buruz mintzatzera.
Maciel-ek 13 eta TN kateetan lan egiten du eta gatazka legaletan dago espezializatuta. Hori dela eta hurbildik jarraitzen ditu emakumeen salaketak eta justiziara heltzen diren kasuak. “Genero-indarkeria ez da gai berria, baina egia da gaur egun lehen baino salaketa gehiago daudela”, adierazi zuen Maciel-ek bere hitzaldian. “Garrantzitsua da jakitea telebistan indarkeriari buruzko kasu bat aurkezten dugunean, gure asmoa ez dela prentsa horia egitea, baizik eta jendea kontzientziatzea”, azpimarratu zuen adituak eta jarraitu zuen: “Emakumeen aurkako indarkeria ez da bikotearen arazoa soilik. Kasu guztietan beharrezkoa da salaketa egitea, delituak direlako”.
Jende anitz bertaratu zen 42. Gari Jaiko karpara Lorena Maciel-en “Emakumeak, komunikabideak eta Justizia” hitzaldia entzutera. 'Hiru Erreka' Euskal Etxeko dantzariek merezitako harrera egin zioten gonbidatuari. Hitzaldia hasi baino lehen, dantza taldeko bi nekek Aurreskua dantzatu zioten Buenos Aires hiriburutik joandako kazetariari.
Lotura interesgarriak
La voz del Pueblo Egunkaria
www.lavozdelpueblo.com.ar/interior_d.php?ar_id=58463
www.lavozdelpueblo.com.ar/interior_d.php?ar_id=58490
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus