Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxea eta bertako Udala elkarrekin ari dira lanean hiriko Euskal Plaza hobetzearren. Testuinguru horretan, materiala biltzeko kanpaina abitu du euskal elkarteak, zeramika gorri, berde eta zuriak bildu eta material horrekin berdeguneko bideak, muralak eta euskal apaingarriak eraikitzeko. Bilketa lanak apirilaren lehenengo asteraino luzatuko da.
Tres Arroyos, Argentina. Bilketa berezi bat ari da egiten egun hauetan Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxea. Helburua, hiriko Euskal Plaza apaindu eta euskal itxura emanez hobatzea. Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i argitu zaionez, “Plazaren inaugurazioa duela hamar urte egin zen eta urte hauetan guztietan bertan ekintzak antolatzeaz gain arbolak landatzeaz arduratu gara. 2017 honen hasiera, berriak izan ditugu. Udalak berpiztu egin ditu gune publiko batzuk hobetzeko proiektuak, horien artean Euskal Plazarena. Beraz, azpiegitura egokia eraikiko diote bertan”.
“Gure aldetik, gustatuko litzaiguke herritarrek lan hauetan parte hartzea, eta helburu horrekin hasiko dugu proposatzen dugun material bilketa hau. Etxean mosaiko edota zeramika gorri, berde edo zuri zaharrak dituztenek eman diezazkigukete guk material horrekin bideak, muralak eta euskal irudiak egin ditzagun”.
Materiala Euskal Etxean utzi daiteke, apirilaren lehenengo astera arte. Bertaraino eraman ezin dutenek Euskal Etxeko kideekin jarri behar dute kontaktuan. “Uste dugu oso aukera ona dela Euskal Etxeko kide ez direnak guregana hurbildu eta elkarteko eta proiektuko parte senti daitezen”, adierazi digu Euskal Etxeko idazkaria den Sara Urbietak.
Gariaren Jaia
Martxoaren 9tik 12ra egin da aurten Tres Arroyosen Gariaren Jai Probintziala. Aurreko edizioetan bezala eta antolatzaileek gonbidaturik, euskal kulturak bere ordezkariak izan ditu Festan, Hiru Errekako dantzariei esker.
Euskal Etxeko taldeak euskal dantza ikuskizuna eskaini zuen Jaialdiaren oholtza nagusian. Emanaldia bi zatitan banatu zen; batetik Jauzi bat, Fandango eta Arin Arin taularatu zituzten gazteek; horren ostean gazte eta txikiek Polka, Lantzeko Inauteria eta Kalejira.
Euskal Etxeak jakinarazten du, bestalde, 2017ko euskara eskolak martxoaren 1ean hasi zirela. Alfredo Laborderen eskutik, asteazkenero izango dira klaseak, arratsaldeko 7etan, Euskal Etxeko egoitzan Sarmiento kaleko 387. zenbakian.