Bellocq, Argentina. Tres Arroyosetik 50 kilometrora dagoen San Francisco de Bellocq herriak bere 90. urteurrena ospatu zuen abuztuaren azken asteburuan. Eskualde horretako herri askotan bezala, euskal eragin handia dago Bellocq-en, baina euskal gizataldea ez dago elkarte batean antolaturik eta, beraz, ospakizunerako, antolatzaileek Tres Arroyoseko Euskal Etxeko lagunak gonbidatu zituzten. Euskal arropaz jantzita eta ikurrina eskuan, urteurreneko desfilean hartu zuen parte Hiru Errekako talde batek.
Gogora dezagun ekintza ofizialetan Euskal Herriaren ordezkari izateaz gain, aktibitate ugari dituela Hiru Erreka Euskal Etxeak musika, dantza eta euskara arloetan, batez ere txikienei begira.
Izan ere, haurrekin lanean ari diren formakuntza arloan, EEko irakasle Sara Urbieta eta Maia Jaureguibeherek, FEVAk antolatutako begiraleak trebatzeko 4. Tailerrean hartu zuten parte abuztuaren 24an eta 25ean.