Tres Arroyos, Argentina. Zikloa egiazki joan den ostiralean hasi zen, hiriko Mulazzi Museoan "Danimarkarrak eta euskaldunak, istorioak partekatzen" izeneko erakusketa abiatu zenean. Gauza da Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxeak kultur jarduera egitarau zabala eskainiko duela abuztu osoan, hiriko “Gizatalde Atzerritarrak” eta "José A. Mulazzi" Udal Museoa lankide, “Conociendo las colectividades" (Gizataldeak ezagutzen) proiektuaren baitan .Gaur bertan, astelehena, 19:00etan, hitzaldia eskainiko du Museoan Alfredo Laborde irakasleak “Euskara gure artean - El euskera entre nosotros” izenburupean, euskarak Tres Arroyoseko familia eta karriketan izan duen presentzia hizpide.
Gogora dezagun, EuskalKultura.eus-ek iragarri zuenez, Hiru Errekak solasaldi batekin eman ziola hasiera zikloari joan den ostiralean, abuztuaren 4an, Euskal Etxeko kide Patricia Puente eta Danimarkako komunitateko Ana Kisbye panelistek parte hartuta. Eta ostiralean bertan, Museoko Jaka aretoan, hilabete osoan zehar bisitatu ahal izango den erakusketa estatikoa inauguratu zutela. Bertan, argazkiak, mapak, jantzi eta soineko tradizionalak, gutunak eta beste hainbat objektu adierazgarri ezarri dira ikusgai.
Abuztu osoan zehar
Aipatu programaren barruan, gaur astelehena, abuztuaren 7a, 19:00etan, Hiru Errekako euskara irakasle Alfredo Labordek “Euskara gure artean” hitzaldia eskainiko du. Ostegunean, abuztuaren 10ean, ordu berean, “Gartxot, konkistaren aurreko konkista” film animatua proiektatuko da. Abuztuaren 18an, ostirala, eta 19an, larunbata, “Gure sustraiak” izeneko erakusketa dinamiko eta interaktiboa aurkeztuko dute. Zikloari amaiera emateko, abuztuko azken astean “El vasco de la carretilla” dokumentala proiektatuko da.
"Gizataldeak ezagutzen" programa komunitate osoari zuzendutako ekimena da, eta herrian diharduten etorkinen komunitateen kultur ondarea ezagutaraztea du helburu. Urtean zehar, gizataldeek hilabete bana daukate jarduera artistikoak eta bestelako kultur proposamenak eskaintzeko. Abuztuan Euskal Herria eta Danimarka dira protagonista. Programatutako jarduera guztiak Kultura eta Hezkuntza Sailaren baitango José A. Mulazzi Udal Museoan egingo dira.