euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tres Arroyos-ko EEak ateak zabaldu dizkie herriko sortzaile gazteei, Sanferminak ospatzeaz ahaztu gabe

2011/07/11

Asteburuan, Argentinako hiriburutik bostehun kilometro baino gehiago hegoaldera dagoen Tres Arroyos-ko 'Hiru Erreka' Euskal Etxeak egindako 'Showroom' ekitaldia (argazkia LaVozDelPueblo)
Asteburuan, Argentinako hiriburutik bostehun kilometro baino gehiago hegoaldera dagoen Tres Arroyos-ko 'Hiru Erreka' Euskal Etxeak egindako 'Showroom' ekitaldia (argazkia LaVozDelPueblo)

PUBLIZITATEA

Euskal Etxea dagoen herriko errealitatean erroturik, ekarpenak tokiko herritartasun hori eta elkartearen berezko euskal engaiamendua uztartuz egitea, hori da munduan barreiaturiko hamaika euskal etxek daukaten erronka. Lan eta erronka hori ongi islatzen du Argentinan, besteak beste, Tres Arroyos herriko 'Hiru Erreka' Euskal Etxeak. Azken asteburu honetan, EEak ateak zabaldu zizkien herriko sortaile gazteei, euskal egoitza erakuslehio gisa erabil zezaten. Eta hori euren ekimen euskaldunei eutsiz, sanferminak ospatzeari ez baitiote batere uko egin, esaterako, eta hori ospatzeko festara ere deitu baitute Jose Luis Artuch eta bere taldea buru duen erakundean.

Tres Arroyos, Argentina. Euskal Etxeen egiazko zentzuarekin eta komunitatearekiko zerbitzu-gogoarekin zinez bat egiten duten jarrerak eta plangintzak garatzen dituzten munduko euskal elkarteetakoa da Tres Arroyos-ko 'Hiru Erreka'. Ez dira inondik ere horretan bakarrak, baina urtean zehar garatzen dituzten hamaika ekimenetan argi eta garden ikusten da euren euskal erroetatik, txertaturik dauden komunitateari zinezko ekarpen zintzoa eskaintzeko joera eta bokazioa. Tresna, bitarteko eta lankide nahi dute izan herritarrek eta komunitateak oro har aurrera egin dezan. Eta honela adierazi dute beste behin joan den asteburuan.

Ekimena xinplea izan da: Showroom delako ekitaldia ostatatu dute Sarmiento 375eko euren egoitzan. Larunbat eta igandez, goizeko eta arratsaldeko orduetan, egoitza azoka moduko bat, mahaiak ipini eta erakuslehio moduko bat irekitzeko baliatu dute, inguruko sortzaile gazteek euren sormenaren berri eman eta euren proposamen eta produktuak jendaurretzeko aukera izan zezaten.

Bertaratu den jendeak topatu edo atxeman ahal izan ditu, esaterako, gazteek hainbat alorretan egindako diseinu eta proposamenak, tarteak arropa kontuetan, osagarrietan, dekorazioan, pitxietan, etxerako apaingarri eta tresnetan...

Eta hori, euskal-tresarroyostar izanik, euren bi ezaugarri horiei kasu emanez, aldi berean Sanferminak ospatzeko deia ere egin baitute, datorren igandean, bazkari herrikoi batez. Hor, batzuek festa egingo dute  eta, aldi berean, euskal etxeko talde zabal bat lanean ibiliko da bazkaria behar bezala prestatu eta zerbitzatu ahal izateko, eta horretatik sos pixkat ere atera ahal izateko euskal etxearen bestelako ekimenetarako. Euskal janaria zerbitzatu den bazkari horretan, Sanferminak ospatzearekin batera, Argentinako Independentzia ('9 de Julio') eta hemen urtero ospatzen den 'Lagunaren Eguna' ere ospatzeko balioko du.

Hemen inguruan bizi bazara edo bazabiltza, garaiz zabiltza oraindik txartelak erosteko: 60 peso balio dute,30, gaztetxoen kasuan. Euskal Etxean eros daitezke edo, bestela 421121 zenbakira deituz enkargatu. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia