euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tres Arroyos herri argentinarrak uztailaren 8an estreinatuko du bere Euskal Enparantza

2017/06/27

Euskal Enparantzan ezarriko den oroitarria
Euskal Enparantzan ezarriko den oroitarria

PUBLIZITATEA

Euskal Enparantza berrian Picassoren Guernicaren erreplika ez ezik, lauburua eta Euskal Herriaren silueta duen oroitarri bat ere ikusi ahal izango dute Tres Arroyoseko herritarrek hiriko Constituyentes eta Costa Rica kaleetan dagoen Plaza bisitatzean. Berdegune berrituaren inaugurazio zeremonia uztailaren 8an egingo da San Fermin Festa eta Argentinako Independentziaren Eguneko ospakizunekin batera.

Tres Arroyos, Argentina. Euskal Enparantzaren proiektua aspalditik dator eta egunotan esan daiteke egitatea dela dagoeneko. Hamar urte joan dira Hiru Erreka Euskal Etxeak gunearen ardura hartu zuenetik eta emeki emeki urratsak ematen joan dira, herriak euskaldunen ohoretan merezi zuen lekua izan zezan. Aipatu denbora honetan, euskal kolektibitateak ekintza publikoak antolatu izan ditu bertan, eta besteak beste landaretu egin da eremua, berdegune bilakatuz.

2017 honetan Euskal Etxeko eta Udaleko agintariak bildu egin dira proiektuaren azken pausoak ematearren eta martxotik hona lekuaren itxura erabat aldatu da: argi berriak ipini dira; bidexkak egin dira euskal etxeko kideek utzitako harri koxkor berde, zuri eta gorriekin; mastak ezarri dira ikurriña eta Argentinako, Buenos Aires probintziako eta hiriko banderak jartzearren; Guernica koadroaren murala inauguratu zen Gernikako Bonbardaketaren 80. Urteurrenaren; eta orain lanen gailurra falta da: Euskal Herriari eskainitako monumentua, lauburuarekin eta Euskal Herriaren mapa irudikatzen duen oroigarri batekin. Horacio Jaureguibehere, Francisco Urbieta eta Alejandro Cordi izan dira azken honen egileak, Euskal Etxeko kideek lauak.

Inaugurazio datorren asteko larunbatean egingo da, uztailaren 8an, goizeko 11:30etan.

Baina Enparantza estreinatzeko zeremonia ez da izango eguneko aktibitate bakarra. Gauean beste bi festa iragarri dituzte Hiru Errekako lagunek, Sanferminak eta Argentinako Independentziaren Eguna ospatzeko. Afaria Euskal Etxean izango da eta gauean zehar etxeko dantzariek emanaldia eskainiko dute, dokumentalak proiektatuko dira eta Alfredo Laborde irakasleak hitzaldi bat eskainiko du euskararen inguruan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia