euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tres Arroyos eta Azul bisitaturik, ‘Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa larunbatera arte Coronel Pringles-en

2015/10/22

‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ibiltaria Buenos Aires probintziako Azul herrian.
‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ibiltaria Buenos Aires probintziako Azul herrian.

PUBLIZITATEA

Macachinerako bidean, Buenos Aires probintziako hainbat hiritako euskal etxeek jaso dute azken bolada honetan Argentinan Euskaraz 25. urteurrena kari, eta HABE eta FEVAren laguntzaz, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak prestatutako ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa. Aste honetan Cnel. Pringleseko Kultur Etxean ikusi ahal izango da, Eusko Biltzar euskal etxea babesle. 

Coronel Pringles, Argentina. Herriz herri ibiltzeko izan da diseinatua ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ibiltaria. Hemeretzi panelez osatua, azkar muntatzen da eta era atsegin eta arinean euskaldunen hizkuntzaren historia eta batez ere bere presentzia Argentinan azaltzen dio gaian oso murgilduta ez dagoen publikoari. Asmo horrekin euskal etxeetatik atera eta udal areto eta kultur leku publikoetan antolatzea aholkatzen du erakusketaren arduraduna den Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak, eta hala egin dute Eusko Biltzar Euskal Etxeko lagunek. Izan ere, aste honetan eta larunbatera arte egongo da erakusketa Coronel Pringlesko Kultur Etxean, Jose Cabrera kaleko 459. zenbakian.  

Behin Coronel Pringles hiria utzita, Macachinera bidaiatuko du erakusketak datorren astean Euskal Argentinar Aste Nazionalen zehar ikusgai egoteko.

Azul eta Tres Arroyos

Azul hirian eta bertako Gure Txokoa euskal etxeak antolaturik, San Martin Kultur Gunean muntatu zen euskarari buruzko erakusketa urriaren 8tik 12ra. Gure Txokoa-tik EuskalKultura.com-i jakainarazi zaion ez, “jende kopuru polita bertaratu zen kultur aretora eta guk lagundu genien panelen arteko ibilbidean, euren galderak erantzunez".

Euskal Etxeko idazkari Silvia Icetaren hitzetan, "urriaren 12an, gainera, Kultur Aniztasunaren jaiarekin bat egin genuen eta ekintza berezi bat antolatu. Euskara Munduan programan trebatu den Elisabet Etchegaray irakasleak eta biok aurkeztu genion erakusketa komunitateari”, zehaztu du.

Ekitaldiaren baitan, lau dantza eskaini zizkieten euskal dantzariek bildutakoei eta elkarretaratzeari amaiera emateko, Aupa Etxebeste pelikula proiektatu zuten euskal etxeko kideek.

Irailaren 29tik urriaren 5era, berriz, Tres Arroyos hirian egin zuen geldialdia erakusketak eta han Hiru Erreka euskal etxeko instalazioetan jarri zen ikusgai. Panelekin batera, ikus-entzunezko materialek ere osatu zuten erakustaldia.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia