Trenque Lauquen, Buenos Aires. Ari dira emeki pandemia aurreko egoerak itzultzen. Trenque Lauquengo euskal komunitateak gogo biziz espero duen data gastronomikorik baldin badago, hori Urdaiazpikoaren Jaia da. Datorren larunbatean urriaren 7an, afalordu aldera, 300 lagunetik gora bilduko dira gau gogoangarri hori partekatzera Barrio Alegre Klubean. Trenque Lauquen bertakoak izango dira gehienak, baina baita ere auzoko 30 de Agosto, Juan José Paso, América eta Pehuajó herrietako bizilagunak ere handia baita hitzordu honen oihartzun eta erakargarritasuna.
Ohiko zozketekin batera, tartean urdaiazpiko hankarena, aurten berezi bat antolatu da sarrerarekin batera opari: Bidaia bat Buenos Airesera, joan-etorria, lo-lekua eta bisitekin
Izan ere, antolatzaileen aburuz, esan nahi baita Euskal Sustraiak euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideen esanetan, Urdaiazpikoaren Afari Euskal Argentinarraren 13. edizio honek iazkoak baino ia ehun bat mahaikide gehiago izango ditu, hala baitio sarrera salmentak. Horregatik, buru-belarri ari dira azken egunotan, guztia ezinhobe atera dadin. "Espektatibak handiak dira eta ekitaldi garrantzitsua da oso, gau hau erakuslehio baten parekoa baita guretzat, gure jarduerak, euskal dantzak, musika eta oro har gure euskal kultura plazaratzeko", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euskal Sustraiak-eko lehendakari Susana Echaidek.
Bapo jan eta edan, dantzaldia eta zozketak
Menua ohikoa izango da. Afaria ohiko txerriki taularekin hasiko da, urdaiazpikoa nagusi. Gero, errekia eta entsaladak iritsiko dira. Postrerako, izozkia zerbitzatuko dute, eta amaitzeko, opilak, "Euskal Etxeko kideek beraiek egindakoak, hori guztia freskagarri eta ardo ona lagun, kopan, edo zahatoan, abilezia handienekoentzat bederen!», diosku Euskal Etxeko batzordekide Belén Santos Igartuak.
Horrekin batera, Abril Velazcok zuzendutako txikien taldeak euskal dantza tradizionalak aurkeztuko ditu eta Cristian Braun “Gizon-orkestra” olavarriarrak kontzertua eskainiko du. Ondoren, DJ gisa arituko da, dantzaldiak jarraitzeko. Urtero lez, zozketak egingo dira, ezinbesteko urdaiazpiko hanka tarteko. Ilusio handia piztu du oraingoan sartzeko txartelarekin egingo duten zozketak. Buenos Aireserako bidaia bat da, joan-etorriko txartela, ostatua, hiriko gune enblematikoei bisita eta Tigrera bisita barne hartzen dituena.
Aupa Euskal Sustraiak!