Trenque Lauquen, Buenos Aires. Pozarren eta areto beteaz ospatu zen Trenque Lauquenen Euskal Sustraiak elkarteko 26. urteurrena. Joan den larunbatean, maiatzaren 18an, Euskal Etxeak, ohore eginez ondo irabazitako sukaldaritza bikain ospeari, afari-show bat eskaini zuen. Topaketak ehun lagunetik gora bildu zituen, duela gutxi handitu eta berritutako aretoan. Oturuntza bikaina, euskal dantza, ikuskizun musikal folklorikoa eta erritmo herrikoiak, dantzarako DJa, zozketak, urteurreneko tarta eta brindisa... Ez zen ezer falta izan, ospakizun biribila izan zen eta gonbidatuek atseginez eskertu zuten anfitrioien harrera beroa.
Gaua txerriki taularekin eta euskal dantzarekin hasi zen, Abril Velazco zuzendari duen dantzari gazteen talde txalotuaren eskutik. Belen Santos Igartua eta Alicia Barrera sukaldariek prestaturiko kaneloi ederrak dastatu ondoren Tres Acordes taldeak erritmo guztietako musika jo zuen eta, dantzan jarraitzeko, Walter Bengochea DJa arduratu zen musikalizazioaz. Euskal Etxeko dendari lagunek dohaintzan emandako sarien zozketak barreak eta txaloak eragin zituen eta brindisa eta desio onen ondoren, Mariela Echaidek egindako urteurreneko opil tematikoa —euskal herri-kiroletako irudiekin apainduta— partekatu zuten.
Euskal Sustraiak Euskal Etxeko bazkide fundatzaile Norma Mosquera eta Celia Echaniz; Eduardo Armendariz, Alberto Detelleria, Hector Echaide lehendakari ohiak Susana Echaide egungo lehendakariarekin
Euskal Sustraiak-eko lehendakari Susana Echaidek bere poza agertzen du: "bai, pozik gaude oso, jende asko estreinekoz hurbildu zitzaigun, eta hori oso ona da. Eta betikoak ere etorri ziren, esaterako Norma Mosquera eta Celia Echaniz bazkide fundatzaileak. Esker oneko hitzak besterik ez ditut lanean jarraitzera animatzen gaituzten guztientzat ". Echaidek ez du aukera galtzen, datozen ekitaldiak iragartzeko. Ekainaren 29an, larunbata, trenbidearen ondoan, Euskal Etxeak San Juan sua ospatuko du, sorgin-dantzarekin. Eta ekitaldi gastronomikoen arloan, Urdaiazpikoaren Afari ospetsuak badu data. Urriaren 19an, larunbata, Club Barrio Alegren. Sartu agendan.