euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trenque Lauquen: aretoa handitu eta berrituta, Euskal Sustraiak-ek ongi etorri afari jendetsu batekin hasi du urtea

2024/03/13

Goian, Euskal Sustraiak Euskal Etxeko aretoaren ikuspegi orokorra martxoaren 9an, mikrofonoa eskuan duela Alejandra Bengochea irakaslea eta lehendakari Susi Echaide. Behean, Euskal Etxeko sukaldariak eta dantzari gazteak
Goian, Euskal Sustraiak Euskal Etxeko aretoaren ikuspegi orokorra martxoaren 9an, mikrofonoa eskuan duela Alejandra Bengochea irakaslea eta lehendakari Susi Echaide. Behean, Euskal Etxeko sukaldariak eta dantzari gazteak

PUBLIZITATEA

Trenque Lauquen, Buenos Aires. Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeak udako hilabeteetan ohikoa den jardueren beherakada aprobetxatzen jakin du eta 2024ko lehen ekitaldian bere egoitza sozialeko instalazio hobetuak aurkeztu ditu. Joan den larunbatean, martxoaren 9an, Jardunurteko Ongi Etorri Afarira bertaratu zirenek, erabilera anitzeko areto handitua aurkitu zuten, birmoldatu eta ekitaldirako propio apaindua. Berriro elkartzeaz, eta aspaldi itxaroten zuten afariaz gozatu zuten. Eta Euskal Etxeak ondo irabazitako sukaldaritza eta giro onaren ospeari ohore egin zion.

Bakarrik 40 lagunentzako jangela zuen lehenengo etxe hartatik 100 pertsona baino gehiagoko edukiera duen gela honetara urteak igaro dira... urteak, eta, batez ere, afariak, zozketak, Urdaiazpiko Jaiak, eta espazioa eraldatzeko funtsak biltzeko aukera eman duten hainbat jarduera. Oraingo lan hauek urtarrilean eta otsailean egin dira, konpromiso instituzionalen ohiko garapena trabatu ez zezaten. Lanok medio, Euskal Etxeko erabilera anitzeko aretoaren guneari, hasiera batean sukaldea zen gelaren espazioa emendatu diote eta sabaia eta argizteria ere moldatu dute.

Trenque Lauquengo komunitatea laguntzaile

Joan dan larunbatean, ehun bat mahaikideren aurrean, Euskal Etxeko lehendakari Susi Echaidek hitza hartu eta eskerrak eman zizkien trenquelauquendarrei emandako laguntzagatik, elkartekideen eta lagunen lankidetzagatik, eta egindako obraren nondik norakoak azaldu zizkien. Jarraian, Abril Velazcok zuzendutako dantzari txikien taldeak emanaldia eskaini zuen, Lantzeko Inauteria dantzatuz. Afaria, pintxoak sarrera gisa hasi zen, ondoren txerria patata frijituekin dastagai eta, bukatzeko, krepeak esne gozoarekin. Azkenik, Walter Bengochea DJaren eskutik, musika eta dantza ordu txikiak arte luzatu zen, afari oparo baten kaloriak murrizten laguntzeko.

Ekitaldia gertatu berria, EuskalKultura.eus Belén Santos Igartua, Euskal Sustraiak-eko batzordekide eta sukaldariarekin mitzatu da, eta maiatzean egitekoa den eta Euskal Sustraiak-en urteurrena ospatzeko afariaren antolakuntzan pentsatzen hasia dela aitortu digu. EuskalKultura.eus-ekin bere esker ona partekatu du elkarretaratze bakoitzean aurpegi ezagunen presentzia eta Trenque Lauquengo komunitatearen babesa sentitzen baitu. "Aurten ere honela izatea espero dut, gure etxean hobekuntza gehiago egiten jarraitu ahal izan dezagun, beti ere gure bazkide eta lagunei zerbitzurik onena eskaintzearren", amaitu du, itxaropentsu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia