euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trelewetik mundura, “Euskal Berria”, Haraneko Euskal Etxeak arrakastaz amaitu du bere irratsaioaren lehen denboraldia

2023/12/21

“Euskal Berria” Haraneko Euskal Etxearen irratsaioak, maiatzetik,  astero-astero euskal kultura zabaltzeari ekin zion
“Euskal Berria” Haraneko Euskal Etxearen irratsaioak, maiatzetik, astero-astero euskal kultura zabaltzeari ekin zion

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. LU20 Radio Chubut irratia bailarako zaharrena eta, ziurrenik, Patagoniako probintziako entzunena. Urte hasieran, Trelewko Haraneko Euskal Etxeko "Euskal Berria" irratsaioa gehitu zuen bere programazioan. Orain, ondo asko amaitu du bere lehen denboraldia, eta itxura guztien arabera datorren urtean ere emititzen jarraituko du. Saioaren ardura Milagros Ibarbiak, Natalia Suárezek, Maite Caracotchek, Iñaki Esquirozek, eta Andrea Criado komunikatzaileak osatu duten taldeak kudeatu du, eta saioa zortzi hilabetez, asteartero, 30 minutuz eta musikalizazio zainduarekin plazaratu da, euskal kulturaren hainbat alderdi jorratuz.

“Euskal Berriarena aurten gehien gozatu dugun proiektuetako bat izan da”, aitortzen dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko lehendakari Milagros Ibarbiak. Lehenengo 31 programa hauetan zehar, elkarrizketa ugari egin dizkiete diasporako zein Euskal Herriko hainbat pertsona ospetsuri, besteak beste, Viedmako Aberri Etxeko Rubén Suarezi, Txapela sagardoaren egile den Xabier Aguirreri, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bateko lehendakari Teresa de Zavaletari, Hemen Gaude proiektuko Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lópezi, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarezi eta Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkari Sara Pagolari.

Euskal Herriko eta Argentinako efemeride ugari landu dituzte, baita gaur-gaurko gaiak ere, hala nola generoa eta giza eskubideak. Treleweko sarraskia gogoratzeko, Edith Terenzi senadore nazionala elkarrizketatu zuten, Mario Abel Amaya abokatuaren irudia berreskuratu zuena; Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Laura Pego doktoreak hartu zuen parte, zikloko ahots eta gaietako batzuk aipatzearren. “Denboraren mugak estutu bagaitu ere, gaurko euskal kulturaren irudi handi bat izan dela uste dut», diosku kazetari eta zikloaren konduktorea den Andrea Criadok.

Euskal Berriako programak Spotifyn entzun daitezke, eta laster Euskal Etxeko YouTubeko kanalean ere egongo dira eskuragarri.

Emakume batek beste emakume baten ondarea jaso du


Natalia Suarez Caminoa-k aginte makila pasa zion Milagros Ibarbiari

Abenduaren 3an, Chubuteko Haraneko Euskal Etxean, Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan, Aginte Makila eskualdatu zen emakume baten eskuetatik beste baten eskuetara pasatuz. Natalia Suarez Caminoa lehendakari ohiak eskerrak eman zituen eta barruan, euskaraz, Euskal Etxea zaindu, defendatu eta modu materialean eta espiritualean handitzeko agindua betetzea eskatzen duen mezua daukan makila eman zion Milagros Ibarbia lehendakari berriari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia