Trelew, Argentina. Chubut probintziako Trelew hirian dagoen Euskal Etxeak bi asmo bete ditu urteko bere azken ekitaldi hionetan: batetik Axel Diaz eta Martina Mezzetti artista trelewdarrek egindako euskal murala inauguratzea; bestetik, De los Trabajadores etorbideko 833 zenbakian dagoen egoitza berriro martxan jartzea. Inaugurazio ekitaldian Salvador Bonachea Euskal Etxeko lehendakariak desestali zuen murala eta esker oneko hitzetan Euskal Etxean parte hartzeko gonbitea luzatu zion eskualdeko euskal jatorriko jendeari, “gure ohiturak bizirik mantentze aldera”.
Muralean, euskal objektu eta ikur adierazgarrienetako batzuk agertzen dira, tartean txapela, alboka, eguzki-lorea, lauburua eta euskal dantzariak. Oro har nagusitzen diren koloreak gorria, berdea eta zuria dira, ikurrina gogoan, eta margolanak atariko hormak estali eta edertzen ditu.
[Murala desestali zuten momentua]
Inaugurazio ekitaldian, Trelew-koa den Ignacio Esquiroz albokariak kanta batzuk jotzeaz gain Gernikako Arbola eta Ikusi Mendizaleak abestera animatu zuen publikoa eta bildutakoek topa egin zuten geroaren alde.
Zuzendaritza Batzordea
Gogora dezagun 2019ko abenduan osatu zela Zuzendaritza Batzordea. Hona karguak eta izenak:
-Lehendakaria: Salvador Bonachea
-Lehendakariordea: Jose Alberto Eliceche
-Idazkaria: Pablo Morales
-Idazkariordea: Ruben Angel Lorenzi
-Batzordekide titularrak: Gerardo Sagredo, Jose Salvador Arrechea, Edith Terenzi, Graciela Ercoreca, Milagros Ibarbia, Irma Arroqui, Alfredo Arroyo eta Ines Fernandez Regina
-Kontu ikuskatzaileak: Marcia Fernandez eta Noemi Pilar Cornejo
Bereziki zaila izan den urte honetan aipagarria da Elkartearen berpizte prozesuan FEVAko bilera eta ekintza birtualetan zeharo hartu dutela parte bazkideek. Chubut probintziako Kultur Elkarteen Federaziora ere kidetu dira eta Argentinako Euskadiren Ordezkaritzarekin ere loturak estutu dituzte.
Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxea Facebook-en, Centro Vasco del Noreste del Chubut