Biarritze, Lapurdi. Biarritzen larunbat honetan hasiko da Biarritz Amérique Latine 2024 Jaialdia, irailaren 21ean, eta aurten arreta berezia eskainiko dio Argentinari eta herrialdeak Javier Mileik boterea hartu zuenetik 2023ko abenduan bizi duen egoerari. Argentinako azken errealitatearen errepaso horretan, egun bat programatu dute antolatzaileek, bertan ustez indartsu eta aktibo dabilen euskal komunitatearen errealitatea eta egoera ere aipatu eta eztabaidatzeko. Ez da ahaztu behar euskal diasporaren baitan Argentina herrialde erreferentea dela bere ehun bat euskal etxeekin. Gauza bera gertatzen da Argentinako gainerako kolektibitateekiko ere, kopuruz askoz handiagoak diren beste gizatalde batzuen alboan ere, euskaldunak azkar eta dinamiko baitabiltza, kasu askotan bederen, herrialdean egun bizi duren krisialdi sakonaren barnean.
Jaialdiaren datak irailaren 21etik 27ra bitartekoak dira aurten, programazioa hemen irakur dezakezu osorik. Euskal diasporari dagokionez, astelehenean, 23an, 14:00etan, "Transmisioa" dokumentala pantailaratuko dute Kasinoan. 2023an Argentinako euskal komunitateetan filmatua, filmak argentinar euskal komunitateak euskal identitatea mantentzearen gaiari heltzen dio. Dokumentalak erakusten du Argentinan euskal kultura eta jatorriarekiko lotura galdu beharrean, euskaldunen ondorengoen arteko kopuru adierazgarri bat dentifikatuta sentitzen dela, lantzen duela eta belaunaldi berriei transmititzen segitzeko neurriak hartzen ari dela.
Mahai-ingurua adituekin
Filmaren ondoren, 16:00etan, sarrera libreko mahai-inguru bat egingo da, eta bertan Argentinako euskal errealitatea eta beste leku batzuetako euskal diasporak ere ongi ezagutzen ditutzen adituak izango dira partaide, besteak beste, Óscar Álvarez Gila (Euskal Herriko Unibertsitatea), Monika Legarto (Euskal Argentina Elkartea), Argitxu Camus-Etxekopar (Euskararen Erakunde Publikoa) eta Xabier Zubillaga (euskal-argentinarra, gaiaz eta proiektuez teorizatu eta saiatu dena), moderatzaile lanak Beñat Cuburuk harturik, euskal diasporan espezializatua ikertzailea bera ere.