euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Trainera' ari da itsasoratzen Itziar Aguirre, euskal sukaldaritza leku berrietara eramateko ekimena Argentinan

2020/02/26

'Trainera Cocina Vasca' Itziar Aguirreren proiektu berria da
'Trainera Cocina Vasca' Itziar Aguirreren proiektu berria da

PUBLIZITATEA

2020ko uda laster bukatuko da Hego Hemisferioan eta atzean geratu da Aguirre-Soraluce familiak Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko jatetxeari azken agurra emateko egindako afaria. Haize berrien bolada da hau eta Itziar Aguirre sukaldari euskal argentinarrak ‘Trainera’ ekimenari ekin dio. “‘Trainera Cocina Vasca’ orain arteko proiektu familiarraren bilakaera da, 25 urteko jardunbidearen jarraipena", diosku rosariotar euskaldunak. "Euskal sukaldaritzaren muinari eutsiko diogu, baina kontzeptu integratzaileago batean, belaunaldi berriak ere gurera bildu eta erakarriz”.

Rosario, Argentina. Emakume bizkor eta ekimentsua da zalantzarik gabe Itziar Aguirre. Begiak luze, ekinak ere luze, pertsona engaiatua da eta ez dio batere uko egiten engaiamendu eta langile nekaezin izaerak daramaten lekuetara joan eta erronkak atxikitzeari. Proiektu berri eta bereziki anbiziotsu bat besapean datorkigu oraingoan. Ongi ezagutzen dutenak ez dira batere harritu, ez baita Itziar geldirik geratzen dakiten horietakoa. Aurkezpen ofiziala ez du oraindik egin, baina sukaldariak aurreratu eta partekatu nahi izan ditu EuskalKultura.eus-eko irakurleekin ezbairik gabe jauzi ederra eta proiektu eragingarria izango den bere ekimen berriaren nondik-norakoak. Azaldu digunez, euskal gastronomiari ekarri berezia egingo dion 'Trainera' bere proposamen berriak hiru atal edo negozio-unitate izango ditu: ontziratutako produktuen elaborazioa, sukaldaritza azokak eta sukaldaritza pertsonalizatua. Plazaratuko dituen produktu berri horiei buruz galdetu diogu, unitate horietako bakoitzak zer eskainiko duen.

"Produktu gehienak jatetxean egiten genituenak izango dira; bertan bageneuzkan gure bezero finkoak, ezaugarri eta adin-segmentu jakin batekoak. Gure euskal sukaldaritzak oso onarpen handia du eta hori da gure oinarria, baina orain bezero berriengana abiatzea dagokigu. Hiru proposamen izango ditugu. Alde batetik, ontziratutako produktuak. Horien artean jatetxean prestatzen genituen hainbat plater egongo dira eskuragai, oraingoan hutsean ontziratuak. Etxeko pintxoak ere prestatuko ditugu, egunero egindakoak Euskal Herrian egiten den bezala, bilgarri polit eta originaletan zerbitzatuak, etxeetara bidali ahal izateko. Proposamen honen helburua da lagunen edo familien topaketetara iristea; jendeak telefonoz eska diezazkiguke".

"Beste alde batetik azken urteotan landu eta biribildu dugun beste arlo bat daukagu, sukaldaritza azokak. Ekitaldi hauetan eskarmentua biltzen joan gara, Streetfood eta Foodtruck-ekin adibidez. Geure buruari markatu diogun erronka geure euskal sukaldaritza Argentinako hiri eta hitzordu garrantzitsuenetara eramatea da".

"Eta hirugarren alorra sukaldaritza pertsonalizatua da. Hau bereziki gustatzen zait oso gustukoa baitut zuzenean jendaurrean kozinatzea, jendearekiko tratu zuzena eta horrek dakarren adrenalina puntua. Jendearen aurrean prestatuko ditugu platerak, haien lekuetara joango gara, bezeroen etxera. Ni neu bertaratuko naiz, talde bateko zuzendari".

-Ebentu eta azoketara joateko foodtruck-a prestatu duzue.

"Sukaldaritza azokak gure negozio-unitateetako bat dira, oso ondo pasatzen dugu hori egiten, eta gainera, ‘Trainera’n nolabaiteko ‘balio erantsi’ bat dugu, nik klase magistralak ematen ditudalako ekitaldietako agertokietan. Guztia mugitu ahal izateko, modulu tolesgarri sukalde sistema berezi bat diseinatu genuen eta erraz eraman dezakegu, aldi berean erabili ditzakegun hiru frijigailu eta bost surekin. Hau osatzeko, laster herrialde osoko errepideetan ibili ahal izago duen ibilgailua prestatzen ari gara".

-Hala ere, leku fisiko bat ere izango duzue Rosarion?

"Bai, urtarrilean hasi ginen berritzen hiriko etxetzar bat. Sukaldeak muntatzen bukatzen ari gara, gure produktu berriak bertan ekoitziko ditugu eta bilerak ere, gure kreazio taldearenak eta hornitzaile eta bezeroekin egin beharrekoak ere bertan gauzatuko dira".

-Interesagarria dirudi oso eta argi ikusten da nola zabaldu nahi duzun euskal sukaldaritza toki berrietara. Nor daukazu lagun proiektuan?

"Enpresa familiarraren modeloa mantenduko dugu, baina bazkide berriak ere izango ditugu. Ainhoa Aguirre nire ahizpa ekimeneko parte da. Duela 25 urte egiten dugu lan elkarrekin eta horrela jarraituko dugu. Gure eskarmentu eta jakitate guztia marka berrira ekarriko dugu".

-‘Trainera’k hiru unitate hauek aipatuko dituzu, eta etorkizunari begira?

"Helburu ugari ditugu baina etapaz etapa joan nahi dugu. Geroari begira, ekoizteko gaitasuna handitu nahi genuke eta, adibidez, produktu berriak gehitzen joan. Erabilera anitzeko areto gastronomiko formatoa ere zabaldu nahi genuke, baina esan bezala, etapaz etapa nahi dugu joan".

Trainera Euskal Sukaldaritza interneten egongo da laster:
Helbide elektronikoa: contacto@trainera.com.ar
Instagram: @traineracocinavasca
Facebook: @traineracocinavasca



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia