Trelew, Argentina. Jaio gabekoen eguna, Hildakoen eguna, Halloween... eta, Euskal Herrian, Gau Beltza edo Arimen Gaua. Urriaren amaieran egutegiak efemeride horiek markatzen ditu, ospatzerakoan, tokian tokiko tradizioaren arabera, euren forma eta ezaugarri bereziak harturik. Euskal Herrian, euskarari eta euskal landa eremuari oso lotua egon zen ospakizun hau iragan mendearen erdialdean eten zen. Gaur egun, Ondarroan, Mutrikun, Lekeition edo Andoainen, besteak beste, berreskuratzen saiatzen ari dira. Han gertatzen denaren antzera, Argentinako euskal etxeetan ere ez da gehien ospatzen den osadioetakoa. Hala ere, eta zorionez, badago egiten duenik, Trelewko Haraneko Euskal Etxea kasu. Beste behin ere, bailarako euskaldunak elkartu egin ziren antzinako errito hura birsortzeko eta joan den larunbatean, azaroaren 2an, 'Gau Beltza' ospatu zuten, haurrentzako maskara tailerra, ibilbide magiko bat, dantza eta afaria antolatuz.
Txikientzako maskara tailerraren proposamenak erantzun bikaina izan zuen eta interesatuen kopurua aurreikusitakoa baino handiagoa izan zen. 18:30ak aldera, Martina Mezzettiren eskutik, 23 neska eta mutil maskarak egiten hasi ziren. Talde-lanak ere egin zituzten, kalabaza edo kuia handiak margotu zituzten, txorimalo bat egin zuten eta trapuzarrek buruan janzten dituzten oihalekin lan egin zuten. Horrez gain, tailerraren amaieran, beldurraren eta izuen gaia landu zuten. Haurrek gaiaren inguruan egindako marrazkiak eta hitzak kuia batean jarri zituzten, pertza moduan, geroago egingo zuten ibilbidean sorginek beldurrak erre zitzaten.
Haurrek polito pasatu zuten Gau Beltzaren Maskara Tailerrean
Sorginak ezin izan ziren falta Gau Beltzaren ibilbide magikoan
Arrats behera hasi zen ibilbide magikoa, Beatriz Baeza aktoreak interpretatutako sorgin gidari rolaren eskutik, beste bost sorgin lagun. Haurrak eta helduak, kandelen argitan, hainbat geldiunetan egin zuten aurrera, mundu zahar magikoaren sinboloz betetako istorioekin topatuz, hala nola kandelen aldarea, Trapuzarra eta sorginak pertsonaia mistikoak. Ibilbideari amaiera emanez, "Beldurren Sua" izeneko errituala egin zuten eta babesteko dohaina omen daukaten eguzkiloreak banatu zituzten, kutun gisa. Gaueko iluntasunean, hormetan proiektatutako soinuak eta irudiak, argiak eta itzalak, sua, jantziak, elementu guztiak eszenaratze baten zerbitzuan egon ziren, eta giro benetan magikoa sortzea lortu zuten.
«Oso pozik gaude ekitaldiarekin, gogobete. Proposatutako ibilbide magikoan barrena aurrera egin ahala, jendeak murgiltze-esperientzia izaten du, zeinetan Gau Beltzaren elementuen berreskuratzea, ospakizunaren esanahi sakona eta alde ludikoa uztartzen baitiren. Gainera, pozik gaude, haurrentzako antolatutako jardueragatik. Euren kidetasun-sentimendua piztea helburuetako bat dugu, elkarte guztiek behar duten belaunaldi aldaketa horri eusteko aukera emango digulakoan. Eta, aldi berean, komunitate osoari euskal kulturara hurbiltzeko aukera eskaintzen diolako», adierazi dio EuskalKultura.eus-i Haraneko Euskal Etxeko lehendakari kementsu Milagros Ibarbiak.