euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Townsvilleko Euskal Etxea euskaldunen ordezkari berriz ere hiri australiar horretako Cultural Fest izeneko azokan

2007/09/12

Townsvilleko Euskal Etxeak bertako 'Cultural Fest' delako azokan ipini zuen stand-aren ikuspegia
Townsvilleko Euskal Etxeak bertako 'Cultural Fest' delako azokan ipini zuen stand-aren ikuspegia

PUBLIZITATEA

Arrakasta polita Australia ipar-ekialdeko Townsville hirian egoitza duen North Queensland Basque Club delako euskal etxeak lortu duena bertan urtero antolatu ohi den Cultural Fest izeneko kultura eta jatorri desberdineko gizataldeen biltoki den azoka edo elkarretaratzean. Jaialdi hau, bertako biztanleen artean topa daitekeen jatorri aniztasuna eta kultura aberastasunaren adierazgarri da eta hirian eta eskualdean dauden elkarte etniko eta kulturzaleen erakuslehio bihurtua da azken urteotan, beti ere publikoaren laguntzaz, aurtengoan 70.000 bisitari lortu dituztela jakinarazi baitute antoilatzaileek, stand-etan eskaintzen ziren argazki, informazio, ikuskizun eta janari mota ugarien dastatzaile.
Euskal Etxeko hogeita hamar bat bolondres jo ta ke ibili ziren kultura ugariren erakuslehio den hitzordu honek iraun zituen hiru egunetan. Euskal stand-ari dagokionez, euskaldunei buruzko, euren kultura eta hizkuntzari buruzko galderak bertan eskaintzen ziren mokadu eta jatekoei buruzko galderekin nahasten ziren. Izan ere, janarien arloa, kultura bakoitzak jateko eta edateko eskaintzen dituen produktu eta molde elkarrekiko hain diferenteetako mozkin eta gutiziak jenderik gehien erakartzen duen kultura alderdia dira urtero.

Euskal stand-aren kasuan bederen hala da, arrakastaz gainera, eta janaria dastatzearekin batera dator galdera: aizu, 'euskaldunak nongoak zarete', hau Australia baita, eta Euskal Herria eta Europa, eta hango historia eta ixtorioak urrun samar gelditzen baitzaizkie hemengoei, asko europar jatorrizkoak eurak, eta beste asko asiatarrak jaiotzez edo arbasoz, aborigen multxo bat ahaztu gabe, azken hauek zoritxarrez baina gehienetan albotik begira.

[Ezker-eskuin, ekimen honetako eta euskal etxeko zutabe diren pertsonetako batzuk: Mary Arrate, Marianne Bengoa, Antonia Mendiolea eta Mari Ibanez, askotan bezala lanean. Haien atzean, Stephen Goicoechea publikoari begira]

[Abian da paella. Ezkerretik ikurrinarekin azaltzen den mantala Euskal Etxeko lehendakari Jose Mari Goicoechearena da, eskuinean Rosemary Jauregui erdi ikusten dela, aurrean Diana Gabiola eta Amaya Arrate publikoari kasu ematen]

[Honelako gutixiak dastatu ahal izan zituzten euskal stand-era hurbildu zirenek. Euskal Herrian eguneroko ogia badira ere, Australian ez da honela gertatzen eta bakarrik etxe partikularretan edo aukera jakinetan jan daitezke]

Euskal stand-ak, beraz, Euskal Herriko sukaldeetan ohikoak diren zenbait aukera ekarri zituen Festibalera eta ederki saldu zituen mokadu eta pintxo gisa. Ez da ahaztu behar hemen tortila patata, esaterako, gutxitan ikusten den gauza dela, eta paella bat euskal erara egiazko gutixia dela bertako askorentzat. Gehien eskatu zituzten mokaduak paella bera, tortillak, kroketak eta txorizoa izan ziren. Arrakasta, gainera, garrantzitsua zaio Euskal Etxeari; batetik, oihartzun handiagoa eta ezagutuagoa izatea ekartzen baitio; eta, bestetik, hauxe baitu urteko diru-sarrerarik potoloena eta, hein handi batean, urteko aurrekontuari eusteko balio diona.


Lotura interesgarriak

'Basques in Australia'
William A. Douglass en artikulu bat Euskonews-en

Townsvilleko Basque Club of North Queensland
www.basqueclubnq.com

Sydney-ko Gure Txoko Basque Club
www.guretxoko.com.au

Bilkura Townsvillen Gernikako bonbardaketaren 70. urtemugarekin bat
2007ko apirilaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Bultzada Australiako euskara eskolei
2006ko uztailaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Australiako Aberri Eguna
2006ko apirilaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskararen Nazioarteko Eguna Sydneyn
2005eko abenduaren 9an EuskalKultura.com-en argitara emana

Townsvilleko Kultura Jaiaren aurreko edizio bat
2005eko abuztuaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal dantza eskolak Australiako Townsvillen
2005eko ekainaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

Jaurlaritzak Basque Club of North Queensland ofizialki onetsi
2005eko apirilaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia