euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Townsvilleko euskal-australiarrek Aritz Aranburu surflari Zirkuitu Mundialeko debutean animatu ahal izango dute

2008/02/22

Aritz Aranburu surflaria, ikurrina altxatuz (argazkia eitb24.com)
Aritz Aranburu surflaria, ikurrina altxatuz (argazkia eitb24.com)

PUBLIZITATEA

Townsvillen, Australian, bizi diren euskaldunek Aritz Aranburu zarauztarra zuzenean animatu ahal izango dute bihartik aurrera, surflari gazteak bertan WCT (Surfeko Zirkuitu Mundiala) txapelketako debuta egingo du eta bihartik aurrera. Txapelketa honetan, denboraldian zehar hamaika probatan lehiatuko da Aranburu, munduko 45 hoberenekin. Maila gorena da beraz. Urduritasuna gainditu beharko du bihar Aranburuk, baina Townsvilleko Basque Club of North Queenslandeko euskal jarraitzaileen laguntza edukiko du.
Aritz Aranburu 22 urteko zarauztarrak iragan urtean WCTn (Surfeko Zirkuitu Mundiala) sartzea lortu zuen eta munduko 45 surflari onenekin arituko da aurten. Lortzen duen lehen euskalduna da eta bihartik aurrera Australiako olatuekin izango du lehen hitzordua, Quiksilver Pro Gold Coast proban. Gertu izango ditu Townsvilleko Basque Club of North Queenslandeko euskal jarraitzaileak. Euskal Etxekoek, hainbat euskal ekintzetan parte hartu ondoren, hala nola, Aberri Eguna edo San Fermin festa, ez dute gazte euskalduna animatzeko aukera galduko.

Aranburu Euskal Herriko surfaren ikur bilakatu da azken denboraldian. Iragan urtean lortutako garaipenek zapore ona utzi dute euskal jarraitzaileengan. Gainera, gazteak Euskal Herriko koloreak zabaltzen ditu bere bainujantziaren bidez eta ikurrina hartuz irabazten duen bakoitzean. Biharko erronkari dagokionez, kirolariak badaki dagoeneko txapelketako lehen txandan bere aurkariak zeintzuk izango diren: Kai Otton, munduko hamabigarrena, eta Travis Logie, 29.a sailkapen nagusian. Lehen txandan, ekitaldi bakoitzeko lehen sailkatua zuzenean pasako da hirugarren txandara. Beste biek, ordea, bigarren aukera edukiko dute buruz buruko lehia batekin.

Hona hemen Aritz Aranbururi, iragan urtean Zarautzen lorturiko Munduko Surf Txapelketako Finala ostean, jendeak surflariari eginiko ongi etorria:



Arrakastez betetako kirol-bizitza

Zazpi urte besterik ez zituela surf munduan hasi zenetik, zarauztarrak garaipen ugari lortu ditu. 1996. urtean Euskal Herriko Surf Federaziora elkartu zenean (EHSF) Euskadiko txapeldun izan zen honako kategorietan: 12, 14, 16 eta 18 urte arteko kategorietan. EHSFrekin Europako hainbat txapelketetan hartu du parte ere bosgarren postua bi urte jarraian lortuz 14 eta 16 urte arteko kategorietan.

Nazioarteko ekitaldiei dagokionez, 1999an Aranburuk lehen postua lortu zuen Frantziako World Grommets Titlesen 14 urte arteko kategorian. 2000. urtean Europako Federazioarekin Namibia eta Hegoafrikako txapelketan hartu zuen parte lehen eta bigarren postua lortuz, hurrenez hurren, 16 urte arteko kategorian. 2003 eta 2004an ASPk (Surfista Profesionalen Asoziazioa) antolatutako 21 urte arteko Munduko Junior Txapelketan parte hartu zuen zarauztarrak. Hau Sydneyn antolatu zen, Australia, eta nazioarteko eskualde bakoitzeko lehen sei surflariak elkartu ziren munduko titulua lortzeko. Iragan urtean Aranburu WQSn (kategoria absolutuko Zirkuitu Mundiala) hasi zen lehiatzen eta WCT preziaturaino iritsi da.


Lotura interesgarriak

Aritz Aranbururen web orrialdea
www.aritzaranburu.com

Basque Club of North Queensland
www.basqueclubnq.com

Aritz Aranbururi buruzko informazio gehiago
www.aspworldtour.com

Euskal Herriko Surf Federazioa (EHSF)
http://euskalsurf.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia