euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Townsvilleko (Australia) Euskal Etxekoek bilkura berezia egin zuten atzo, Gernikako bonbardaketa gogoan atxikiz

2007/04/23

PUBLIZITATEA

Bilkura berezia egin zuten atzo igandez Australiako Basque Club of North Queensland euskal etxeko euskaldunek Townsville herrian. Larogei bat lagun bildu ziren euskal klubaren egoitzean eta hitzaldi txiki bat, lagunarteko bazkaria eta musika saio bat egin zuten, eguna Gernikako Arbola kantatuz amaitzeko, soinu baten akordeek lagunduta. Bildutakoen artean, Townsville bertako jendeak, 120 kilometro iparraldera dagoen Ingham-ekoak eta baita ehun bat kilometro hegoaldera dagoen Ayr-eko familiak ere. Bertako euskal familietako kopuru esanguratsuak dauka Gernikaldeko jatorria.
Bilkura berezia gauzatu zuten atzo igandez Townsvillen bertako Basque Club of North Queensland elkarteko kide eta lagunek, Euskal Etxearen egoitzan. Larogei bat pertsonek hartu zuten parte Queensland estatuko hirugarren handiena den hiri honetako Euskal Etxeak eginiko deialdiari jarraituz. Hiriko parke eta berdegune baten erdian kokatua dagoen euskal eraikineko areto nagusiko mahaietan ez zen tokirik gelditu eta izan zen otordua sukaldeko mahaiean jarrita egin behar izan zuen partaiderik.

Bertaratutakoei mintzatu zitzaien, Zuzendaritza Batzordearen izenean, Pedro Mendiola bertan jaiotako euskalduna --ingelesarekin batera euskara eta gaztelania polito hitz egiten dituena--, elkarteko presidentea, Joe Goikoetxea, Europan baitago, ebakuntza bi egin berri dizkiotela; solasa luzatu zuen baita ere Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendariak, Australiako euskal etxeetan barrena egiten ari den ibilbidearen baitan. Ingelesa eta euskara erabili zituzten. Jakingarri da Townsvilleko euskal familia bat baino gehiagoren jatorria Gernikaldea dela hain zuzen.

Euskal kokagune historikoa Australian

Izan ere, deialdiari erantzun zioten familia eta pertsonak, Townsville bertatik ez ezik, herri honetatik 120 kilometro iparraldera dagoen Ingham-etik eta ia ehun kilometro hegoalderago dagoen Ayr herritik etorri ziren bilkurara. Hiru tokiok, batez ere Ayr eta Ingham euskal kokaleku historikoak izan dira Australian, jende andana polita etorri baitzen XX. mendean zehar Euskal Herritik hona, batez ere, hasieran, gizonak azukre-kainabera ebakitzeko.

Queensland alde honetako euskal komunitatea, beraz, Australiako zaharrena da, eta hiru eta baita lau belaunaldi ere badauzka bertan errotuak. Garai batean azukre-kainabera ebakitzen lan egiten zutenen seme-alaba eta bilobak profesional prestatuak dira gaur egun, horietako batzuk Euskal Etxeko batzordekide eta partaide. Hala ere, komunitate gisa erresumako zaharrena izan arren, euskal etxe gisa gazteenak dira, pare bat urte besterik ez baitira pasatu egungo kluba sortzeko lanetan hasi zirenetik. [eskuineko argazkian, Euskal Etxeko areto nagusiaren ikuspegia (argazkia BasqueHeritage.com)]


LOTURA INTERESGARRIAK

North Queensland Basque Club-en webgunea
www.basqueclubnq.com

Gernikak bonbardaketaren 70. urteurrena oroituko du
EuskalKultura.com-en 2007ko otsailaren 2an argitara emana

Gernikako bonbardaketari buruzko informazio gehiago
Gaztelaniazko Wikipedia entziklopedia askean

Gernika Gogoratuz, Bakerako Ikerketa Zentrua
www.gernikagogoratuz.org

Bertako Euskal Etxeak Townsville Cultural Fest-en hartu zuen parte
EuskalKultura.com-en 2005eko abuztuaren 30ean argitara emana

Townsvilleko euskaldunak, San Fermin eta entzierroa
EuskalKultura.com-en 2005eko uztailaren 8an argitara emana

AEBetako eta Euskal Herriko bi dantzari dantza irakasle Townsvillen
EuskalKultura.com-en 2005eko ekainaren 8an argitara emana

Ofizialki onartu dute Townsvilleko Euskal Etxea
EuskalKultura.com-en 2005eko apirilaren 20an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia