euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Toti Martinez de Lezea, “Gaztetan Ekin Argitaletxe argentinarreko liburuak irakurri ohi nituen”

2014/05/20

Toti Martinez de Lezea Llavallolgo Euskal Echea Eskolako ikasleekin
Toti Martinez de Lezea Llavallolgo Euskal Echea Eskolako ikasleekin

PUBLIZITATEA

Argentinara egindako bisitan “liluratuta” geratu da Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarra Hego Amerikako herrialde honetan euskal gizataldea “hain bizirik eta aktiboa” ikustean. Eta ez da gutxiagoako. Izan ere, Euskadiko Ordezkaritzak gonbidaturik, Buenos Aireseko Martinez de Lezeak, Liburu Azokaz aparte, euskal etxeak eta euskal giroa ezagutzeko aukera izan zuen eta aurrez aurre ikusi ahal izan zuen euskal herritarren ondorengoen euskal sentimendua. Are gehiago, Buenos Aires hiriburuan, zazpi mila bisitari baino gehiago bildu zituen ‘Buenos Aires Euskal Herria ospagai’ izeneko ekitaldira ere bertaratu zen, euskal gizataldearen elkar lanaz gozatzera.

Buenos Aires, Argentina. Maiatzaren 7 eta 11 artean bira labur baina trinkoa burutu du Toti Martinez de Lezeak Buenos Aireseko hainbat kultur gune eta euskal etxetan bertako euskal gizataldea ezagutzeko asmoarekin. Mugimendu handiko egunak izan ziren eta oso egun gutxitan Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan, Argentinar Nazioko Kongresuko Liburutegian, La Platako Unibertsitate Nazionalean eta baita Francisco Lopez Merino Liburutegian, eta hiriburuko Euskaltzaleak euskaltegian hitzaldi bana eskaini zuen idazleak. Hori gutxi izan balitz, eta diasporaren beste ordezkari batzuk ezagutzearren, hiriburuko eta Llavallogo Euskal Echea Institutuak bisitatu zituen, ehunka ikaslerekin mintzatzeko.

Azkenean, eta bere birari amaiera bikaina emateko, ‘Buenos Aires celebra’ delako festan hartu zuen parte Martinez de Lezeak, ekintzak proposatuz –mitologiari buruz hitz egin zuen Euskadi-Basque Country-ren standera hurbildu zirenekin– eta baita ekintzez gozatuz. Jaialdi honetan elkarrizketatu zuen EuskalKultura.com-ek bidaiaren balantzea izate aldera. Elkarrizketa labur baina interesgarri batean, gaztetan Argentinako Ekin Argitaletxeko liburuak irakurtzen zituen idazleak Diaspora nola ikusi zuen kontatu zigun.

“Euskal Herrian badakigu mundu osoan badagoela euskaldun eta euskal jatorrizko jendea. Kontatu egiten digute Argentinako euskaldunek edota Estatu Batuetakoek edo Australiakoek zenbait ekintza egiten dituztela, hala nola, ‘Korrikak’ edo euskal dantzak eta euskara ikastaroak. Baina gauza bat da entzutea eta beste bat zuzenean ikustea. Eta azken egunotan Argentinako euskal gizataldea oso aktiboa dela ikusi ahal izan dut. Argentinarrak izateari utzi gabe, lotura sakonak dituzte arbasoen jaioterriarekin, euren historia eta tradizioarekin. Honen froga euskal etxeak dira. Herrialde osoan daude euskal etxeak eta euskal etxeen barruan euskara eta euskal dantzak. Horiek maitasun adierazpen handiak dira; hemengo jendeak Euskal Herria maite du kasu askotan inoiz bertan egon gabe… Hunkigarria izan da, oso, niretzat”.

Toti Martinez de Lezea Argentinan 2014 01

[Ondo asko aprobetxatu zuen Toti Martinez de Lezeak Argentinako bidaia. Bost egunetan zazpi hitzaldi eman eta hainbeste ekitalditan hartu zuen parte]

 -Batzuek esaten dute Diaspora iraganari begira dagoela, hemen dagoen Euskal Herriaren irudia irudi zaharra dela, gaur egungoarekin zerikusirik ez duela…

Normala, ezta? Nolabait ere, normala da… Euskal argentinarren kezka Argentina bera da, Argentinako egoera sozial, politiko eta ekonomikoa. Eta ez diote Euskal Herrian gertatzen denari jarraitu behar. Eta gure kasuan gauza bera. Guri hemen gertatzen denaren berri hedabideei esker iristen zaigu eta zuek ere prentsari esker enteratzen zarete Euskal Herrian gertatzen denaz. Hemengo euskal diaspora iraganera begira dagoela… baita gu ere. Guk geuk ere antolatzen ditugu jaiak, dantzaldiak, txokoak, abesbatzak… han ere elkartzen gara jan eta edatera… Bestalde, gaur egungo egoera zehatzari buruz… nik uste dut, entzun ahal izan dudanagatik, hemengo jendeak oso jantzita dagoela hango kontuetan.

-Zein da orduan, zure ustez, Diasporak egin ahal duen ekarpena?

Gu oso gutxi gara, oso herri txikia gara munduan. Baina euskaldunok mendeetan zehar bizirik iraun badugu, Euskal Herritik atera garelako izan da. Euskal emigrazioa ez zen XIX. mendean hasi. Hori baino askoz lehenago hasi dira euskaldunak mugitzen eta kokatzen munduko hainbat bazterretan. Eta hori da gure biziraupenaren azalpena. Eta gauza bera Euskal Herrira iristen direnekin, gureganatzen saiatzen gara.

Diasporak zer egin dezaken… ba, hori ere aztertuko dut orain, bidaiaren ostean. Lotura badago, baina lotura hori, aldatu ez baina sendotu behar da, kulturaren arloan –nik ez dut politikaren arloari buruz hitz egingo, kulturarena baizik–. Kultur esparruan gauza asko dituzte elkar emateko Argentinako zein Euskal Herriko euskaldunek eta egin behar dute. Nola? Horretaz pentsatu beharko dugu, esaterako, elkar trukeak bultzatuz edo hona euskal idazleen lanak ekarriz eta hara idazle euskal argentinarren liburuak eramanez.

Adibidez, Argentinako literatura oso ona da baina ez dauka zerikusirik gurekin. Eta gauza bera gertatzen da Euskal Herriko literaturarekin, ona da baina ez dauka harremanik Argentinarekin. Beraz bilatu beharko genuke bi norabide horien arteko leku bat, ez ‘mundua aldatzeko’ asmoz baizik eta hemen eta han euskaldun sentimendua  izaten jarraitzeko. Hona etortzen garenean, eta orain gertatzen den bezala, etxean bezala sentitzen jarraitu ahal izateko. Hori da niri egunotan gertatu zaidana. Etxean bezala sentitu naizela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia