Donostia-San Sebastian. Partaideen artean batzuk bertan fisikoki zeuden eta besteak birtualki. Topaketa joan den ostiralean gauzatu zuten Tabakaleran Etxepare Euskal Institutuaren bitartez munduko hainbat unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurleek, urte bitxi honen balorazioa egin eta geroak ekar diotzakeen erronkei buruz hausnartzeko. Irakurleez gain partaide izan ziren Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta, Etxepare Euskal Institututik, Irene Larraza zuzendaria, Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria eta Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi.
2018tik urtero egin ohi den bilera honek zenbait hitzaldi eta talde dinamika bildu zituen, hizpide eta langai COVID-19ak baldintzatutako ikasturte zail honen aurrean eskolak digitalizatze aldera egin den esfortzua, eta bidean topatutako zailtasun eta konponbideak, besteak beste, Etxepare Institututik bertatik adierazi dutenez.
Zupiria sailburuak eta Larraza zuzendariak irakurle guztiei egin agurren ostean, mundu zabaleko hamaika euskal etxetan ematen diren euskara klaseak sustatzen dituen Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi eskola digitalak emateko plataforma bati buruz mintzatu zen. Bere aldetik, Etxepareko Lorea Hernandez teknikariak irakurleen arteko talde dinamikak gidatu zituen, aurtengo eta datorren urteko erronkei buruz eztabaida zezaten, horretarako bertaratutako irakurle bakoitza online konektatutako beste batekin bikoteka jarriz.
Hitza hartzen azkenak Etxepareko Eneko Agirre teknikaria eta Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izan ziren, urtearen laburpena egin eta etorkizuneko erronkak zerrendatu eta mahaigaineratzeko.