Vitoria-Gasteiz. Euskal Etxeei zuzendutako emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko prestakuntza eta sentsibilizazio-proiektuaren baitan, maskulinitateei buruzko jarduera birtual bat egingo da. Topaketak “Zer esan nahi du 21. mendeko gizona izateak? Gizonen zeregina berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko” du izenburua eta Berdintasunean eta Maskulinitateetan aditua den Josetxu Riviere Aranda izango da hizlari. Euskal Etxeetako kide diren eta kudeaketa-lanak eta jarduerak antolatzen dituzten gizon guztiei zuzenduta dago. Zoom bidez egingo da, ekainaren 29an, larunbatean, 15etan (Euskadiko ordua).
Honako hauek izango dira topaketa birtualean jorratuko diren gaiak: “Genero-berdintasunean aurrera egiteko gizonek duten zereginari buruzko elkarrizketa”, “Nola definitzen da gaur egun ‘gizon izatearen’ ideia?” eta “Zer erronka planteatzen dituzte aldaketa sozial eta politikoek berdintasunari dagokionez?”. Topaketak bi ordu iraungo ditu. Parte hartzeko, izena emateko bete inprimaki hau.
Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Biltzarrean ateratako ondorioak
Iazko abenduan, Donostian, burutu zen Euskal Gizataldeen 8. Mundu Batzarra. Bertan, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasunak euskal kulturan duen garrantzia azpimarratu zen, baita Euskal Etxeek berdintasunaren aldeko ekimenak eta balioak sustatzeko egiten duten lana ere. Joan den martxoaren 5ean 2024-2027 Ekintza Instituzionalerako Lau Urteko Plana onartu zen, eta, berdintasunaren helburuarekin bat, Euskal Berdintasunerako Etxea-Berdintasunerako Eskola proiektuaren jarraipena onartu zen. Proiektu horren barruan, hainbat prestakuntza-ekintza egingo dira, tartean artikulu honetan azaldutako hitzaldi-topaketa.