euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tomás Vicente bolondres argentinarra Qatar-en: Zein polita litzateke Euskal Selekzioak Mundukoan jokatzeko ametsa betetzea!

2022/12/19

Tomás Vicente, FIFAko boluntario 2022ko Munduko Futbol Txapelketan Qatarren
Tomás Vicente, FIFAko boluntario 2022ko Munduko Futbol Txapelketan Qatarren

PUBLIZITATEA

Doha, Qatar. Tomás Vicente euskal-argentinarra da, La Pampakoa, hain zuzen ere, macachinarra. FIFAk aukeratu zuen lanean bolondres aritzeko Qatarreko 2022ko Munduko Txapelketan. Hori gutxi balitz bezala, Macachingo Euzko Alkartasunako idazkari eta erreferentea denak bertatik ikusi ahal izan zuen finala. Argentinako selekzioa gailendu zaio Frantziakoari eta bihurtu da txapeldun Qatarreko Lusail Stadiumen. Tomasek Dohatik erantzun dio Euskalkulturak egin dion elkarrizketari.

- Tomás, kontaguzu nolatan bukatu zenuen lanean Qatarren

Duela bi urte, 2020ko abenduan, FIFAren boluntarioentzat duen web orrialdean izena eman nuen. 2018ko BuenosAireseko Gazteriaren Joko Olinpikoetan bolondres gisa hartu nuen parte, eta 2020ko Lausanneko Neguko Olinpiar Jokoetarako ere hautatua izan nintzen. Usted dut aurrekari horiek lagundu zidatela mundialerako hautaua izateko. Izena eman ondoren, zortzi etapako hautaketa prozesu bat hasi zen. Urte bete eta erdi inguru iraun zuen. Elkarrizketak izan nituen, banakakoak eta taldekoak, ingeles azterketak, ikastaroak eta ebaluazioak, eta duela bost hilabete baieztatu zidaten hautatuen artean geratu nintzela.

- Zein lanpostu izan zenuen eta zein zen zure betebeharra?

Hasieran, Ikuslearen Zerbitzugunean tokatu zitzaidan, gonbidatuen sektorean. Gonbidatuak hartatzen nituen, tribunetan edo sarreretan txartelak kontrolatu behar nituen, jendeari bere tokian kokatzen eta esertzen lagundu. Hamar egunez egon nintzen han. Gero, Argentinako partidarako estadioko gerenteak deitu zidan esanez Argentinako selekziokoek nahi zutela bolondres argentinar batek laguntzea. Suerte handia izan nuen, handik Aurrera  Futbolean Teknologia eta Berrikuntza sektorera sartu nintzelako. Estadioaren eta arbitroek darabilten teknologia, VARaren azterketa, kamerena, pilotarena kontrolatzen duen sektorea da. Asko ikasi nuen futbolaz. Hor, selekzioak laguntzea zen zeregina. Harrera egin behar genien, ekipamendu teknologiko guztia mediku taldeari eta ekipo taktikoari ematen genien, aldageletan gauzak instalatzen laguntzen genuen, barne-komunikazioarekin laguntzen genuen.  Postu honetan eremu mistoan egoteko aukera izan nuen, aldageletan, jende asko sartzen ez den tokian, eta Argentinako selekzioko jokalari guztiak eta estadio horretan jokatu zuten beste selekzio batzuk ezagutzeko aukera. Final-laurdenetan bukatu nuen lan, azken partida Portugal - Maroko izan zen. Baina hemen jarraitzen dut Dohan, FIFAk ostatua eta janaria ematen baitigu mundiala amaitu arte.

- Maila pertsonalean, zer utzi dizu boluntariotza honek?

Esperientzia paregabea utzi zidan. Boluntario gisa beste esperientzia batzuk izan banituen ere, hau izan zen onena, agian ekitaldiaren garrantziagatik. Izugarria da, zentzu guztietan. Lehen aldia da Ekialde Hurbilera natorrela, eta hori ere oso polita izan zen, kultura-talka oso handia, baina sorpresa ere bai, herrialde horiei buruz esaten dena benetan denarekin alderatuta. Jendearen abegikortasuna eta adeitasuna ikaragarria da, inoiz ez nuen horrela imajinatu. Doha hiria ikaragarria da, munduko txapelketarako inbertitu duten dirua izugarria da, azpiegitura oso ona dago, antolakuntza oso ona. Gainera, esperientziak jendea ezagutzeko aukera eman dit. Boluntario guztiak elkarrekin gaude hiribildu batean, 4000 eta piko gara 150 herrialde baino gehiagokoak, kultura ezberdinekin partekatzen dugu, gauero jaiak izaten dira. Sinestezina, zeharo sinestezina.

- Zerk bultzatzen zaitu esperientzia hauetara? Zure ikasketak, kirolak maite dituzu, ala oso futbolzalea zara?

26 urte ditut, Nazioarteko Harremanak eta Turismoa ikasten ditut, eta ez naiz futbolzalea, ezta kirolzale amorratua ere, kirolak gustatzen zaizkidan arren. Baina beti gustatu izan zait borondatezko lana. Euskal etxean nagoenetik sortu zait. Uste dut erakunde batean parte hartzen duzunean, borondatezko lana egiten ari zarela, eta oso aberasgarria da. Dena jartzen duzu, eta horren truke egindako lanaren poza besterik ez duzu jasotzen, jendea ezagutu, taldean lan egin eta ohituta zaudenaz bestelako esparru batean jarduteko aukera baino ez. Eta baita lan munduan sartzeko aukera ere, etorkizunean zer egitea gustatuko litzaizukeen konturatzeko aukera, nahiz eta euskal etxearen kasuan pixka bat ezberdina izan, kultura eta sustraiak daudelako tartean.

 
Argentinako selekzioa Dohako kaleetan Txapelketa ospatzen. (Tomas Vicentek Qatarretik bidalitako bideoa) 

- Euskaldunekin edo euskal diasporako beste kide batzuekin gurutzatzeko aukerarik izan zenuen Qatarreko egonaldian?

Zortea izan nuen Donostiako bi mutil euskaldunekin topo egiteko. Ikurrinarekin zihoazelako ezagutu nituen, hurbildu eta agurtzera joan nintzen eta euskal diasporako kide gisa aurkeztu nintzen. Munduko futbol txapelketa batean ikus daiteke jende guztiak helburu beraren atzean bat egiten duela, ezberdintasunak alde batera utzita. Bi milioi pertsona etorri ziren Qatarrera, denak oinez euren kamisetekin, banderekin, aurpegiak margotuta, nork bere nazioari dion maitasunaz agerian utzita,  eta pentsatzen nuen: Zein polita litzateke egunen batean Euskal Selekzioak Mundukoa jokatzeko ametsa betetzea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia