Festa handia ari dira prestatzen asteburuan Frantziako Tolosan, Denak Bat elkartearen egoitzan. Euskal Etxeak 60. urteurrena betetzen du aurten eta lehenengoz Euskal Jaialdia egin eta euskal kultura hiriko kaleetara ateratzea deliberatu du. Jarduerak ostiralean abiatuko dira, euskal mitologiari buruzko hitzaldi batekin eta "Bilbao: Lauxeta, tiros y besos" antzezlanarekin. Asteburuan, dantza, euskara ikastaroak, pilota, ipuin kontalariak, pandero lantegia eta hainbat gauza gehiago!
Tolosa, Frantzia. Denak Bat Euskal Etxearen aurreneko jaialdia izango da ostiralean abiatuko dena, eta elkartearen 60 urteak ospatuko dituena. 1954an sortu zen elkartea Okzitaniako Tolosan, euskal kantua maite zuen laguntalde baten eskutik. Handik urte batzuetara aldameneko Colomiers herrira aldatu zen elkartea eta euskal dantza hartu zuen ardatz. Orain hiru urte euskara ikastaroak ezarri dituzte abian eta euskal etxeko bazkideak pozik eta gogotsu dabiltza, jo eta su.
Elkarteak euskal kultura festa giroan ezagutzera eman nahi du eta asmo horrekin antolatu dute ostiraletik igandera luzatuko den jaiaren egitaraua. Tolosako Unibertsitatean abiatuko da ostiralean festa, Claude Labatek euskal milotologiari buruz emango duen solasaldiarekin. Ondoren, Chapeau Rouge aretoan Maite Aguirreren "Bilbao: Lauaxeta, tiros y besos" antzezlana izango da ikusgai. Bi ekitaldiok, asteburuko jarduera guztiak bezalaxe, doakoak izango dira.
Larunbat eta igandean Colommiers-era aldatuko da festagunea. Larunbatean, goizeko hamaiketan Hazparneko eta Denak Bateko Joaldunek abiatuko dute jaia. Ondotik, dantza, pilota, umeentzako ikuskizunak, ipuin kontalariak, euskara ikastaroak, pandero lantegia eta askoz gehiago eskainiko du festak asteburuan zehar.
-Informazio gehiago, contact@denakbat.fr helbidera idatzirik
-Egitarau osoa, Tolosako Denak Bat Euskal Etxearen Facebook orrian