euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tokyoko Euskal Etxeak 2013ren balioespen baikorra egin du, webgune berriaren abiaraztea azpimarratuz

2014/01/23

Sho Hagio Tokyoko Euskal Etxeak antolatu zuen hitzaldian hizlari (argazkia TokyokoEE)
Sho Hagio Tokyoko Euskal Etxeak antolatu zuen hitzaldian hizlari (argazkia TokyokoEE)

PUBLIZITATEA

Euskal kulturak apurka apurka bere lekua bilatu du Japoniako hiriburuan, Tokyoko Euskal Etxearen jarduera eta ekimenei esker. Urte honetan zehar hainbat egitasmo burutu ditu elkarteak eta horien balioespen baikorra egin du Sho Hagio kideak, EuskalKultura.com-ekin solasean. Urteko ekimen nagusienetako bat elkartearen webgunearen berritzea eta berrabiaraztea izan da: Fukushimako ezbeharraren ostean bertan behera gelditu zen aurrekoa, baina urriaz geroztik sarean da berriz Tokyoko Euskal Etxearen gunea.

Tokyo, Japonia. Tokyoko Euskal Etxeak (TEE) iragan urteko ekimenen balioespen baikorra egin du eta jarduera nagusien berri eman dio Euskal Kultura.com-i. Elkarteko kide Sho Hagiok euskal etxearen webgunearen berrikuntza azpimarratu du bereziki.

2011n Fukushiman izandako ezbeharra eta gero webgunea itxi egin zen, baina iragan urrian berriz ere ireki eta berrabiarazi du elkarteak, goitik behera berrituta, helbide honetan: www.euskaletxea.jp.

Euskarari buruzko mintegia

Urteko beste hitzordu azpimarragarrien artean zenbait hitzaldi daude, japoniarrei euskal gaien berri emateko asmoz antolatu zirenak. Hasteko, abuztuaren 10, 24 eta 31n euskarari buruzko mintegi bat eman zuten Tokyoko "Asahi Culture Center" gunean Sho Hagio irakasleak eta elkarteko kide Yuichi Shimanukik. Tokyoko Euskal Etxeko presidente Jon Verasteguik inauguratu zuen mintegia. Bost ikaslek parte hartu zuten bertan, denak japoniarrak.

Bigarren hitzaldia abuztuaren 30ean izan zen, Tokyoko Espainiako enbaxadan. Sho Hagio izan zen hizlari hemen ere, eta jorratu zuen gaia honakoa izan zen: "Euskal lurra, jendea eta hizkuntza". Ekitaldi jendetsua izan zen, ehun lagundik gora bildu baitziren bertara. Hirugarren hitzaldi bat ere eman du aurten Tokyon Hagiok TEEren ordezkari gisa. Abenduaren 19an izan zen, "World Hibiya Salon" aretoan eta gaia oraingo honetan "Euskaldunak eta beren bizitza urtebukaeran" izan zen. Hirurogei bat lagun bildu ziren ekitaldira.

Tokyo Euskal Etxea Sho Hagio 2013

[Sho Hagio euskal kulturari buruzko hitzaldia ematen Tokyon (argazkia TokyoEE)]

Oreka TX eta Michel Ducau

Horrez gain, urriaren 12an elkarteko ordezkaritza batek ongi etorria egin zien Tokyon Japonian bira egiten ari zen Oreka Tx taldeari eta Michel Ducau musikariari. Handik bi eguneratara, 14an, elkarteko beste kide batzuk izan zituzten zain Yaizu egin zuten emanaldian.

Tokyo Euskal Etxea Oreka TX 2013

[Oreka TX taldeko kideekin (argazkia TokyoEE)]

Bestalde, azaroaren 24an elkarteak Urteko Batzar Nagusia egin zuen eta zuzendaritza berritu zuen. Hil horretan bertan, 30ean, Tokyoko Machida auzoko jatetxe kataluniar batean (Casa Malla) "Euskal Bazkaria" jaia egin zuen elkarteak, eta, lagun gutxi bildu baziren ere, giroa aparta izan zela azaldu du Hagiok. Antolatzaileak Euskal-Japoniar Elkartea eta TEE izan ziren. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia