euskal diaspora eta kultura
2009/09/21
PUBLIZITATEA
Jose C. Paz, Argentina. 'Toki Eder-ri buruz hitz egiten dugunean, gure etxe ederrari buruz ari gara, jadanik hamahiru urte dituen eta Euskal Herriko hizkuntza, historia eta kultura zabaltzen duen etxe bat'. Hitz hauekin laburtu zuen Maria Angeles Oñederrak Toki Eder-ek egindako ibilbidea erakundearen urtebetze jaian, pasa den irailaren13an. Altube Klubean egindako ekitaldira, euskal elkarteko kideak ez ezik, Ruben Caporaletti herriko gobernu-idazkaria, Agustin Lopez gobernu-idazkariordea, eta beste hainbat ordezkari eta herritar ere bildu ziren.
Ikurriña eta Argentinako banderaren sartzearekin hasi zen jaia. Bazkaldu aurretik euskal etxeko dantzariek ikuskizuna eskaini zioten publikoari: hainbat dantza plazaratu zituzten Itziar Mohr irakaslea zuzendari. Paella izan zen menu nagusia eta postrearekin batera Martin Sosaren saioaz gozatu zuten bertaratutakoek.
Senidetzearen plaza eta EEko alkate berria
Jakina denez, Oñati herri gipuzkoarra eta José C. Paz senidetutako herriak dira eta oso harreman emankorra daramate elkarrekin garatzen dituzten zenbait ekimen sozialei dagokienez. Hori dela eta herriko gobernu-idazkari den Ruben Caporalettik datorren urtean bi herrien arteko Senidetzearen Plaza inauguratuko dela adierazi zuen. Maria Angeles Oñederrak, bere aldetik, esker beroak eman zizkien bertaratutakoei, eta zenbait opari jaso zituen Euskal Etxeko buru legez.
Bestalde, elkarteko kideek 2009/2010 tarterako alkate berria aukeratzeko bozketa egin zuten. Hautatua Zulema Poeta izan zen, eta aipatutako epean Euskal Etxea ordezkatuko du ekitaldi ofizialetan. Azkenik, Zuzendaritza Batzordeak elkartearen alde topa egiteko gonbitea luzatu zien bertaratutako lagunei, hamahirugarren urtemugako ospakizunei bukaera emanez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus