euskal diaspora eta kultura
2012/09/21
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Orain dela hiru urte Izaskun Arandia gidoilariak altxor txiki bat aurkitu zuen, 36ko gudan egin zen haurren ebakuazioari buruzko gidoi bat idazten ari zela. Southampton Unibertsitateko Alicia Pozo-Gutierrez historialariak Ingalaterrara ebakuatu ziztuzte ia 4.000 haurren gaia ikertu zuen eta ikerketa horren barruan etxera sekula bueltatu ez ziren haurrei eginiko elkarrizketak grabatu zituen.
"Elkarrizketa horiek entzun eta banekien filmean egon behar zutela", gogoratu du Izaskun Arandiak. Ingalaterran gelditu ziren 250 haurretatik bizirik zauden 14k euren bizitza markatu zuen esperientzia kontatzen zuten zinta horietan. Umeak baino ez zirela atzean utzi behar izan zuten etxea, gurasoak, hizkuntza bera, ezagutzen zuten mundua eta horrek biziki markatu zituen. "Euren buruari 'haurrak' esaten diete gaur egun ere, nahiz eta gehienak aiton-amonak diren eta Ingalaterran familiak sortu dituzten", esan du produktoreak.
Animazioa, gazteengana heltzeko
Filmeari forma nola eman izan zen orduan arazoa. "Istorioa beraiek kontatzea nahi nuen, baina ezin nituen berriz elkarrizketatu, oso gogorra delako beraientzako eta hainbeste urtetan ahaztuta izan eta gero, orain elkarrizketetaz nazkatuta daudelako", dio Arandiak.
Kinka horretan, Matt Richards zuzendariak animazioa erabiltzea proposatu zuen. "Animazioarekin haurren ahotsei aurpegia jartzen diegu; baina ez pertsona nagusien oraingo aurpegia, ezta txuri-beltzeko irudi historikorik ere. Horrela gazte jendeari erakusteko moduko istorioa egin nahi izan dugu", azaldu du.
Sei haur Donostiako estrainaldira
Datorren hilaren 28an Donostian filmea aurrenekoz ikusiko duten gazte horien artean gerrako haurren ilobak, gazte ingelesak, izango ere dira. "Estrainaldira filmean agertzen diren sei gerrako haur etorriko dira, euren seme-alabekin eta ilobekin. Oso pozik datoz, hunkituta. Haurrek sortu zituzten familiak ingelesak dira, baina filmearekin belaunaldi berriek istorio honekin berkonektatzea lortu dugu".
Arandiak azaltzen duenez, produkzio-etxeak Facebook-en egin duen taldean iloba ingeles horiek euren jatorriari buruzko interes handia agertu dute eta komunikazioa polita sortu da.
100 sustatzaile sarean
Produktoreak azpimarratzen duen beste alderdi bat finantziaketa da. Filmeak ez du erakunde publikoen laguntzarik jaso, baina "crowfunding" sistema bidez interneten produkzioa abian jartzeko diru adina lortu du. "Sorpresa izugarria izan da. Mundu osoko jendeak lagundu digu. Urtarrilean dirua biltzen hasi ginenetik 7.000 euro lortu genituen ehun bat lagunei esker, eta horrek animazioa egiten hasteko aukera eman zigun. Horrek argi erakusten du jendeak istorio hau ikusi nahi duela", agertu du Arandiak.
"Agur esatea" filmearen webgunea.
"Agur Esatea" filmearen trailerra:
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus