euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tiburcio Bilbao eta Adalberto ‘Potxolo’ Loyola gogoan, Txistulari Eguna ospatu zuen Arrecifeseko euskal etxeak

2015/05/22

Jadanik ez dauden irakasleengandik ikasitakoa zabaldu zuten Marianela Rimini Azarola eta Juan Ignacio Saez gazteek Txistulari Egunean (argazkia EE)
Jadanik ez dauden irakasleengandik ikasitakoa zabaldu zuten Marianela Rimini Azarola eta Juan Ignacio Saez gazteek Txistulari Egunean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Zortzi urte bete dira Potxolo Loyola hil zenetik, eta bi ekintzarekin omendu zituen Euskaldunak Denak Bat-ek ‘Potxolo’ bera eta euskal etxeetan ikasi, jo eta irakasten duten txistulari guztiak. Loyolaren heriotzaren urteurrenaren egun berean, zeremonia bat egin zuten arrecifestarrek herriko kanposantuan; biharamunean, dantzatuz eta abestuz ospatu zuten, Txistulari Eguna izeneko topaketan.

Arrecifes, Argentina. "Belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira baloreak, sentimenduak eta ezagutzak euskal etxeetan, desegiten ez den katea bailitzen; horrela egin dute hasieratik Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko kideek eta horrela iritsi da erakundea aurten betetzen ari den 93 urteetara".

Hitz horien esanahiari eutsiz, maiatzaren 16an, eta musika arloan katea hori ez haustearen alde lan handia egin zutenak gogoratzeko, Txistulari Eguna ospatu zuten Arrecifesen, euskal etxeko taberna aretoan. Ospakizunari hasiera emateko, eta hirurogei bat kide lagun, Tiburcio Bilbaoren biloba den Hector Garcia Bilbaori eta Potxolo Loyolaren alargun Pitxina Irigoyeni ohorezko Aurreskua eskaini zien Victoria Abasolo dantzariak.

Ondoren, etxeko txistulari gazteak arduratu ziren jaia alaitzeaz; Juan Ignacio Saez Abarrategui eta Marianela Rimini Azarolak markatu zuten dantzarien fandangoa eta baita bildutakoek dantzatu zituzten kalejirak ere. Musikarekin jarraitzeko, Maral taldearen azken diskoak proposatzen duen erronkari ekion zioten arrecifestarrek eta afalostean, ohitura zaharrari eutsiz, Euskal Herriko kantutegi herrikoiko abesti klasikoenak kantatu zituzten euskal etxeeko kideek.

Euskal etxean egindako jaia ez da izan, ordea, Euskaldunak Denak Bat-ek txistulariak omentzeko burututako ekintza bakarra. Festaren bezperan eta urtero bezala, zeremonia bat egin zen Loyola oroituz Arrecifesko hilerrian, instituzioaren panteoian. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia