euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ternua 2017: Indianoak elkarteak baleazaleen bidea egingo du Placentiatik Saint Pierre eta Miquelonera

2016/11/23

Indianoak espedizioko arraunlariak aurreko bidaian (argazkia Indianoak)
Indianoak espedizioko arraunlariak aurreko bidaian (argazkia Indianoak)

PUBLIZITATEA

Datorren abuztuan Ternua aldera joango da Euskal Herriko bidaiari talde bat, Iparraldeko, Zarauzko eta Getxoko arraunlariek osatua. Hamar egunetan 400 kilometroko bidea egingo dute traineruan, Placentia hiritik hasi eta Saint Pierre eta Miquelon uhartetaraino, baleazaleen lorratzei jarraika. Saint Pierren, gainera harrera bikaina izango dute, han ospatuko dituzten Euskal Jaietan parte hartuz. 

Donostia-San Sebastián. Iparraldeko Ibaialde-Indianoak elkartea lanean ari da dagoeneko, traineruan entrenatzen, datorren abuztuan Ternua aldera eramango dituen espediziorako prestatzen. Bidaiaren helburua harremanak estutzea da Euskal Herriaren eta Ternuako euskaldunen ondorengoen artean. Han lanean ibili ziren baleazale eta arrantzaleen ondorengo asko bizi dira Ipar Amerikako kostalde honetan, eta haiekin kultur trukea sustatu nahi dute arraunlariek.

Indianoak adituak dira horrelako bideiatan, izan ere beste bi egin dituzte dagoeneko: 2003an eta 2013an. Badu abentura honek engantxatzen duen zeozer. Lehendabiziko aldian San Lorenzo ibaian gora joan ziren, eta bigarrenean Trois Pistolesetik Montrealera joan ziren; oraingoan, aldiz, 400 kilometro egingo dituzte Placentia herritik Saint Pierre eta Miquelon uharteetaraino. Hamar eguneko bidaia izango da, itsaso izoztuetan, bale artean arraunean.  

Saint Pierreko euskal etxea

Bidaiaren sustatzaileetako bat Michel Lastiri, Euskal Herrian bizi da gaur egun, baina urte luzez Saint Pierren bizi izan da. "Euskal jatetxe bat nuen han eta bertara lanera etortzen ziren Pasaiako, Donostiako eta Bermeoko arrantzale asko ezagutu nituen", esan dio EuskalKultura.com-i. Bakailaoaren arrantzak gainbehera egin Bidaiaren helburuetako bat bateko eta besteko euskaldunen arteko harreman hori berreskuratzea da. 

Lastiri eta Indianoak lankidetzanb ari dira Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Pilota Liga taldearekin eta bertako euskaldunekin. "Uharteetako euskal kulturari bultzadatxoa eman nahi diogu, eta bertako euskaldunei sostengua eman nahi diegu beraien hurrengo erronkan: 2018rako euskal etxe berria eraikitzen", azaldu du Lastirik.

Kultur trukea

Bidaiak Atlantikoko bi aldeen arteko zubiak berreraikitzea du helburua. Horretarako Euskal Herritik Iparraldeko zein Hegoaldeko arraunlariak joango dira; eta Ameriketan Saint Pierre eta Miquelongo eta Montrealeko arraunlariak batuko zaizkie. Aurreko bidaian Indianoek trainerua Quebeceko euskal etxeari oparitu zioten, eta harrezkero arraunketa saioak elkarteko ekitaldi arrakastatsuenetakoak bilakatu dira. Bidaia honetan, aldiz, trainerua Saint Pierreko euskal etxean geldituko da. 

Bidaiariek kultur trukea sustatzeko bidaiaren etapa bakoitzean tailerrak, kontzertuak eta hitzaldiak egingo dituzte. Baina kultur trukea bera, bidaia baino lehenago hasi da. "Gazteekin lanean ari gara eta harremanetan jarri ditugu Saint Pierreko gazteak eta Iparraldeko hainbat eskoletako ikasleak; Kanbo, Itsasu, Uztaritze... Diaspora eta bale arrantza gaiak ikasten ari direnez, kultur truke oso aberasgarria izaten ari da", amaitu du Lastirik. 

Espedizioari buruzko informazio gehiago, Indianoak-en webgunean.

Aurreko espedizioetako argazkiak, taldearen Facebook orrian



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia