Joseba Etxarri. Historia ikasi zuen UBAn (Buenos Airesko Unibertsitatea) eta psicología sozialean ere graduatu zen, eta bere bizitza 'zibilean' historia irakasle da --bere 'beste' pasioa-- bigarren mailako eskola publiko batean. Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldetik emigratutako euskaldunen bigarren eta hirugarren belaunaldiko ondorengoa, Teresa Zavaleta instituzio bat da Argentinan, hori onartzea kostatuko bazaio ere. Bere irakasle eskuetatik ehundaka ikasle pasatu dira, eta eurak dira bere lanabes eta doaien lekuko, bere onena ematen baitu egiten dituen ekimenetan, gogoz, interesez, ezagutzaren indarraz, horretarako bere burua etengabe trebatuz eta berezkoa duen entusiasmo kutsakorra besteei pasatuz. Aurten, HABEren Argentinan Euskaraz / Euskara Munduan proiektua 25 urte betetzen ari den honetan, bera ere zoriontzekoa da, 1990ean Pampako Macachin herrian aitzindari izan zen barnetegi hartako partaideetako bat izan baitzen gure irakasle arrecifestarra.
Dantzariz jantzita munduratu zinela esan daiteke.
-Gure etxean betidanik bizi izan ditugu euskal moldeak. Laneko jendea ziren, saiatu eta ekinak, eta harro zeuden horretaz. Hiru urte nituela Arrecifesko Euskal Etxera eramaten ninduten eta nire bizitza osoan izan naiz dantzaria. Euskal Etxean, Euskal Herritik etorritako adineko euskaldun batek, on Lucio Echanizek, bereziki eragin zidan Euskal Herriarekiko eta euskal aberriarekiko maitasuna, maitasun erromantiko bat, mitologikoa esango nuke, gerora garatzen joan eta irakurriz eta neure eskarmentuz aberasten eta moldatzen joan naizena.
Ugarritzak taldea sortu zenuen, Arrecifesko dantzarien tradizio abersatsari eutsiz.
-Aldaketa izan genuen Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-en eta 1989an lehenengoz emakume bat hautatu genuen lehendakari, Alicia Azarola. Nik 23-24 urte neuzkan. Aldizkari bat plazaratzen genuen, Ugarritzak --hiztegian arrecife euskaraz nola esaten zen begiratu, ugarritza, eta hortik izendatu genuen-- eta dantza taldeari izen bera ipini genion; geroztik eta gaur egun ere Argentinako dantza talde bizienetakoa izaten segitzen du. Nik pentsatzen nuen dantzatzea ez zela aski eta entsaioak euskaraz egin nahi nituen, beraz 1990ean Macachingo barnetegia proposatu zenean, buru belarri joan nintzen. Han ere buru belarri ibili eta ezagutu nituen irakasleek eta giroak harrapatu egin ninduen, eta itzuli ostean urte hartan bertan hasi nintzen helduei lehenengo klaseak ematen.
Macachinek ibilbide oso baten hasiera markatu zuen euskarari eta euskararen irakaskuntzari dagokionez Argentinan.
-Hala da. Nire kasuan, handik bi urtera lehenengo aldiz bidaiatu ahal izan genuen, Eusko Jaurlaritzarekin, Euskal Herrira barnetegi batera, Lazkaora, eta harek marka utzi eta mundu berri bat zabaldu zidan. Beti balio handia eman izan diet hitzak eta euren aberastasuna azaltzen dizuten jendeei, esangura berria hartzen baitute norbaitek ongi eta sakon azaltzeko astia hartzen duenean. Lau alditan izan naiz Euskal Herrian, Lazkaon, euskara sakontzera, eta eskerrak eman beharrean nago euren etxean hartu nindutenei, euskaran eta euskal kulturan murgiltzeko aukera eman baitzidaten. Maitemindu egin nintzen euskararekin.
Historia irakasle zara Buenos Aires.
-1992tik. Asko gustatzen zait irakastea eta nerabeekin lan egitea. Manuel Belgrano Ikastetxean ematen ditut eskolak, Buenos Aires hiriaren menpe dagoen eskola publiko bat da. Historia irakasten dut, historiaurretik egundaino, historia argentinar eta amerikarra, leheneng mailatik bosgarreneraino.
Nola aurkeztuko zenuke Euskaltzaleak?
-Euskaltegi bat da, 1944tik euskara irakasten duen elkarte bat Buenos Airesen bihotzean. Baina 2005etik aurrera bada baita ere gune ireki bat, aktibo eta partehartzailea, mota, molde, adin eta iritzi anitzeko jendeen biltzaile izatea lortu duena, euskara lokarri. Euskarak eta euskararekiko goseak batzen gaitu eta gose eta bokazio eta engaiamendu hori presente dago gure jarduera guztietan. Kultur jarduera ugari antolatzen ditugu beti ere euskarari bide emanez: abesbatzatik hasi eta hamaika tailerretaraino, alboka, trikitixa, dantzak, hitzaldiak, zinema garaikide saioak... Euskal Herritik datorren jende asko pasatzen da gure egoitzatik, lekua eskaintzen diegu eurak dakiten horretaz mintza daitezen. Eta laguntza ematen diegu Euskal Herriko gazteei, lan bila badatoz eta hasieran inor ezagutzen ez badute edota ostatu bila badabiltza: harremanetan jartzen ditugu hemengo jendeekin. Lagungarri izaten saiatzen gara.
Euskara eskolei dagokienez, zortzi irakasle ditugu, euretatik zazpi argentinar euskaldunak eta zortzigarrena, mintza praktikaz arduratzen dena, Euskal Herrikoa. Zortzigarren hau urtero aldatzen joan ohi da, eta normalean Euskal Herriko bat da, hona epe baterako etorritakoa. Kointzidentziaz une honetan zortziak gara neskak, baina horretan ere aktiboki integratzaileak gara, espreski sexu eta joera sexual guztietako jendeei ematen baitiegu ongietorria. Ehundik gora ikasle ditugu aurrez-aurreko zein online ikastaroetan eta euskal giroko topaketak --gure sukaldari bolondresek eginiko pintxoekin, euskal musikaz eta euskaraz aritzeko aukerarekin--, trikipoteoak eta beste hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, gure presentzia ere kaleratuz eta Euskal Herriaren lekukotasuna emanez geure inguru argentinarrean. Ekipoa gara, familia handi bat bezala, euskararekiko maitasuna eta atxekimendua lokarri.
25 urtetan hamaika lekutan aritu izan zara euskara irakasten, Arrecifes, Pergamino, Jose C. Paz-en... Buenos Airesen Euskal Echean, Euskaltzaleak-en, barnetegietan... Zerekin geratuko zinateke? Zerekin bereziki zaude harro?
-Seguruenik segitzearekin, urteak eta gero gure ahalegina egunero egunero berritzearekin; baita ere Euskaltzaleak bezalako talde batean aritzearekin. Jarduera edo egitate batetaz galdetzen baduzu, agian Euskal Echea bezalako ikastetxe batean, Sarandi kalean eta Llavallolen, euskara eta euskal kultura klaseak abiatu izanaz, eskolako ume eta gaztetxoen artean hazi hori ereiteaz; edo online eskolez eta FEVArekin batera Argentinako euskal etxeei, eta kanpokoei, eginiko eskaintzaz, euskara irakaslerik ez duten euskal etxeek online ikastaroaz baliatu ahal izan daitezen; edo euskara antzuteaz, esaterako, gurekin zerorik hasitako Anabel Jaureguiberry-ri, eta ikusteaz lehen profila atera duela eta gaur irakaslea dela; edo gaiso dauden presoei idazten dien talde bateko kide izateaz...
Pentsatu al duzu inoiz Euskal Herrian bizitzeaz?
-Agian uneren batean 25 edo 26 urte nituela. Oso lagun onak dauzkat han, arbasoak ere hangoak dauzkat, baina ni argentinarra naiz eta oso lotua sentitzen naiz Argentinari, gustatzen zait nire ikasle nerabe argentinarrei historia azaltzea, eta zubilana egitea eta Euskal Herriari laguntzea hemendik. Uste dut horretan, Diasporan, rol bat, erantzukizun bat daukagula euskara eta Euskal Herriarekiko.