Ander Egiluz Beramendi. Telmo Esnalek berak Christian Sida-Valenzuelarekin, festibaleko zuzendariarekin, duen erlazioari esker eta Etxepare Institutuak emandako bultzadari esker, amona bihurri horren historiarekin batera Euskal Herriko beste zazpi lan ere, Kimuak-eko zazpi laburmetraia, ikusi ahal izango dira Columbia Britainiarreko hiririk handienean: ‘A political story’, ‘Cólera’, ‘Hotzanak, for your own safety’, ‘Democracia’, ‘Minerita’, ‘Una hora, un paso’ eta ‘Zela Trovke’..
-Hiru urte igarota ere jarraitzen du amonak Urte Berria ospatzen!
-Kar, kar! Hala da, bai. Filma atera berritan normala da festibaletan ibiltzea, promozio lanetan, eta horrela aritu nintzen orduan honekin ere. Hala ere, oraindik, noizbehinka, festibal txikietatik deitzen didate pelikula erakusteko. Gauza ona da, harrera ona duen seinale.
-Munduan zehar hogeitik gora festibaletan ibili da. Zertan datza lortu duen arrakasta?
-Nik uste dut pelikulak ustekabean hartzen duela ikuslea, espero ez duen bidea hartzen duelako. Ikusleak ikara batean bizi du bukaera eta hori memorian geratzen zaizu. Gainera, koktel baten modukoa da, komedia zuritik badu zerbait, baina baita beltzetik ere, eta thriller-etik, eta dramatik… Esplosibo xamarra da zer ikusiko duen ez dakienarentzat.
-Pozgarria izan behar du norbere lan baten arrakastaz gozatzeak baina, nekagarria ere gerta liteke? Lan berrietan aritzeko denbora beharko duzu…
-Beti da pozgarria. Baina behin estreinatuta gehienetan pixkat ahaztu egiten duzu. Lehenengo urtean, promozioa dela eta, berarekin ibiltzen zara festibaletan, baina gerora ahaztu egiten duzu eta, askotan, atzera begiratu behar duzu zer esan nahi zenuen oroitzeko.
-Epaimahaikide ere bazara egunotan Vancouverren.
-Festibaleko zuzendaria, Christian Sida-Valenzuela, aurreko batean ezagutu nuen eta ‘Urte Berri on, amona!’ festibalera ekarri nahi zuela esan zidan. Eta horrelako festibal txikietan dena dagoenez lotuta bada, bertan izatekoa nintzenez, epaimahaikide izateko gonbitea egin zidaten. Gogotsu nago, sortzaile berrien atalean arituko naizelako eta gazteak zertan dabiltzan ikusi nahi dudalako.
-Programa hartu eta, hara!, ‘Let’s talk in Basque’ (Egin dezagun euskaraz) deitzen den atala topatu dugu!
-Honelakoak pozgarriak eta garrantzitsuak dira geuretzat, baina kasu honetan neuk sustatutako kontua dela esan daiteke. Christianek nire filma eman nahi, baina ezin zuela esan zidan, latinamerikar zine festibala delako hau. Beraz, euskal izenburu batzuen aukeraketa bat egin nion eta oso serio hartu zuen, sail hori muntatu baitzuen. Etxepare Institutuari esan nion geure zinemari oihartzuna emate aldera ona izan zitekeela eta honek ere lagundu zigun.
-Vancouver Columbia Britainiarreko Zazpiak Bat Euskal Etxearen egoitza da. Harremanik ba al duzu Diasporako euskaldunekin?
-Ez dut izan orain arte, baina beti pentsatu izan dut euskal zinema, atzerrian ezagutzera emateko sarbide ona izan daitezkeela euskal etxeak. ‘Dantza’ deitzen den proiektuan nago orain lanean; neu ere dantzari izandakoa naiz, eta Euskal Herriko dantzariek harreman handia izan dute beti Diasporako euskaldunekin. Ate polita da euskal etxeena geure lanak mugitzeko eta gustatuko litzaidake harreman handiagoa izatea. Gaur egun, gainera, baditugu Euskal Herrian erakusteko moduko hainbat pelikula potente eta uste dut norbaitek egin beharko lukeela horiek gehiago mugitzeko ahalegina.
-Bukatze aldera, ze hiru euskal izenburu gomendatuko zenizkieke Diasporako euskaldunei?
-‘80 egunean’, ‘Ander’ eta ‘Bertsolari’ dokumentala.
(*) ‘Urte Berri on, amona!’ filma Vancouverreko The Cinematheque (1131, Howe Street) aretoan emango dute irailaren 6an, arratsaldeko 19:00etan.