euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Teila bat Argentinako euskararentzat' lelopean bere etxe propioa lortzeko kanpaina hasi du Euskaltzaleak-ek

2011/11/01

'Teila bat Argentinako euskararentzat' kanpainako bono bat
'Teila bat Argentinako euskararentzat' kanpainako bono bat

PUBLIZITATEA

Joan den urriaren 28an eta Urteroko Ohiko Batzarrean Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko Zuzendaritza Batzordeak urteko txostena eta balantzea aurkeztu zizkieten bildutako kideei. Bide batez, 'Teila bat Argentinako euskararentzat' kanpaina abiatu zuten ostiralean bertan, bileran baitan. “2012rako geurea den egoitza bat lortu beharrean gaude, gure esku ez dauden baldintzek eguneroko lana oztopa ez diezaguten. Gainerako herrietako hizkuntza eskolek bezala, euskarak ere Buenos Airesen etxe duin eta egokia izan dezan nahi dugu, kalera irteera zuzena duena, geure presentzia eta lana ikusgai eta agerian egon daitezen, hemengo herritarrekin harreman zuzenean” adierazten dio komunitate osoari Euskaltzaleak-ek zabaldu duen gutunak.

Buenos Aires, Argentina. Hirurogei bat lagun bildu ziren urriko azken ostiralean Xeito Novo elkarteko egoitzan Euskaltzaleak-ek antolatutako zazpigarren topaketan parte hartzeko. Oraingoan Euskal Mitologiari buruzko hitzaldia eman zuen Celia Escudero teologoak bildutako lagunen aurrean. Mintzaldia bukatuta, taberna ireki zen Independencia kaleko etxean eta gonbidatuek aparteko pintxo eta 'kaxuelak' dastatu ahal izan zituzten.

Euskaltzaleak-eko zazpigarren topaketa 2011 01

[Celia Escudero teologo eta euskara ikasleak mitologiari buruzko hitzaldia eman zuen (argazkia EuskalKultura.com)]

Baina ekintzak, urriaren 28an, ordu pare bat lehenago hasi ziren Buenos Aireseko euskaltegiko kideentzat. Izan ere, Urteroko Ohiko Batzarra gauzatu zuten eta bileran 'Teila bat Argentinako euskararentzat' planaren xehetasunak jakinarazi zizkieten erakundeko gainontzeko partaideei.

“Euskaltzaleak elkarteak hazkunde nabarmena izan du azken urteotan, beti euskara eta euskal kultura zabaltzeko asmoari jarraituz. Hirurogeita hemezortzi urte dituen instituzio honek 70 bat ikasle -- 10 taldetan antolatuta --, eta goi mailako sei irakasle ditu gaur. Euskaltegian garatzen diren beste ekintzen artean abesbatza, hitzaldiak eta tailerrak aipa daitezke. Gizarte lana ere egiten du Euskaltzaleak-ek. Buenos Aires hiriko Manuel Belgrano estatu-eskolarekin batera Euskaltzaleak-ek Chacoko Quitilipi herriko eskolari ematen dio laguntza”.

“2011. urtean Xeito Novo-ri esker jarraitu ahal izan dugu Euskaltzaleak-ekook gure kultur lana egiten, erakunde galiziarrak bere egoitzako ateak ireki zizkigun eta. Hori dela eta 2012rako geure lekua lortu beharrean gaude, berriz ere gerta ez dakigun gure esku ez dauden baldintzek eguneroko lana oztopatzen digutela. Gainerako herrietako hizkuntza eskolek bezala, euskarak ere Buenos Airesen etxe duin eta egokia izan dezan nahi dugu, kalera irteera zuzena duena, geure presentzia eta lana ikusgai eta agerian egon daitezen, hemengo herritarrekin harreman zuzenean”.

“Asmo honekin abiatu dugu 'Teila bat Argentinako euskararentzat' izeneko proiektua eta erakunde eta pertsona guztiengana zuzendu nahi dugu, oso baliagarria izango zaigulako guztion ekarpena”.

Hitz hauekin azaltzen dituzte Euskaltzaleak-eko arduradunek eskaeraren zergati eta helburuak. 'Teila bat Argentinako euskararentzat' kanpainaren bidez, Buenos Aireseko euskaltzaleek laguntzeko bonuak jarri dituzte salgai. Bonuak peso nahiz eurotan daude erosgai eta prezioak hauexek dira: $50 - $100 - $150 (pesotan) eta €20 - €50 - €100 (eurotan).

Euskaltzaleakeko bonua 2011 02

[Carlos Bordagaray, Horacio Marotto bonoaren diseinatzailea eta Teresa de Zavaleta (argazkia EuskalKultura.com)]

“'Teila bat Argentinako euskararentzat' ez da zozketa bat; bono hauen bidez jendeak erosketa sinbolikoa egingo du, etxeko teila bat erosiko baitute”, azaldu dio Euskaltzaleak-eko lehendakaria den Carlos Bordagaray-k EuskalKultura.com-i. “Erosten dituztenei txartel bat emango zaie, laguntzaren ziurtagiri gisa. Ostiralean kaleratu ditugu bonoak eta jadanik saldu ditugu batzuk, hemen zein Euskal Herrian. Badakigu ahal duenak bere ekarpena egingo duela. Jendeak badaki ze garrantzia duen euskarak leku eta presentzia duina izan dezan Argentinako hiriburuan”, adierazi du Bordagarayk.

Bonoak eskuratzeko, Argentinatik baina baita Euskal Herritik ere, euskaltegiarekin jarri behar da kontaktuan, email bidez (euskaltzaleak@yahoo.com.ar) edo telefono zenbaki hauetara deituz: (54) 9 11 6217 5902 edo (54) 9 11 6306 3559. Euskal Herrian, bonoak salduko dituen pertsona bat egongo da. Euskaltzaleak-ek laster batean plazaratuko ditu pertsona honen datu eta kontaktubideak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia