Laprida, Argentina. Uztailaren 7koa Lapridan, neguko arratsalde hotz tipiko horietako bat izan zen, etxean geratzeko modukoa. Hala ere, Lagunen Etxearen proposamenak jendeak, etxeko goxotasuna utzi eta Euskal Etxera abiatzeko adinako erakarmena izan zuen. Berrogeita hamar lagunetik gora bildu zituen “Te Cuento” ekitaldiak, eserlekuak bateak, zuzeneko musika, abesti eta ipuinak osagai izan zituen arratsaldepasan, giro goxoan, doako sarrerarekin. Ospakizun ezberdina izan zen, merienda-zerbitzu gozo batekin —tea, txokolatea eta zenbait tarta mota— EEko Zuzendaritza Batzordeko kideek eta kolaboratzaileek bikain prestatu eta zerbitzatua..
Arratsaldeko bostetan, aretoa gainezka zegoela, txokolatea zerbitzatzen hasi ziren. Lagunen Etxeko lehendakari Eduardo Torryk ongietorria eman zien bertaratutakoei eta San Fermin egunaz eta ospakizunaren garrantziaz mintzatu zen, Euskal Herrian zein diasporan. Gabriel Monferato idazleak gidatu zuen ekitaldia eta bertako idazleen kontakizunak irakurri zituen. Hautatutako testuen artean, Lagunen Etxeak 2020an beste hiru elkarterekin batera antolatutako "Lapridan gertatu zen" kontakizun lehiaketan saritutako pare bat.
Musika, kantua, ipuinak eta txokolate beroa Uztailaren 7 desberdin bat ospatzeko
Topaketaren musikalizazioaren ardura María José Huici gitarrista eta abeslariak, Miguel Colantonio perkusio-jotzaileak eta Ramiro Torres musikari eta sonidistak partekatu zuten. Eta, ekarpen berezia, bildutakoek abagunea izan zuten apiriletik hona Marina Saldain irakaslea gidari dela lanean ari den talde-kantu tailerreko “Kantuz” kantarien debutaren lekuko izateko. “Neskazaharrak” abestu zuten euskaraz eta, biharamunean Uztailaren 9 aberri-data argentinarra zela-eta, baita zenbait kantu folkloriko argentinar ere. "Hunkigarria izan zen, berotasuna zerion ekitaldia. Jendea familian sentitu zen, etxean bezala gozatu zuen, horrelaxe jakin arazi ziguten”, azaltzen dio pozik EuskalKultura.eus-i Lagunen Etxeko Zuzendaritzako kide den Monica Azpiazuk.