euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaitzerdi, Ganso eta Katu Beltz euskal taldeak Tarregako Antzerki Azokan izango dira irailaren 11tik 14ra

2008/09/03

Gaitzerdi, Ganso eta Katu Beltz taldeetako aktoreak
Gaitzerdi, Ganso eta Katu Beltz taldeetako aktoreak

PUBLIZITATEA

Hiru antzerki talde euskaldun Kataluniako Tarrega herriko 28. Kale Antzerki Topaketetan arituko dira irailaren 11tik 14ra. Gaitzerdik "Otsoko" aurkeztuko du, dantza garaikidea eta ikuskizuna uztartzen dituen Txano Gorritxuren alegia berritzailea. Gansoren “Renato” lana, aldiz, denbora luzez etxean barneratutako gizon baten kontakizuna da. Bere ama hiltzean, bizitzako ametsa burutzen du: zirkoan aritzea. Azkenik, “Gris Mate” Katu Beltz taldearen lehen lana da, absurdura hurbiltzen den antzerki garaikidearen emaitza.

Tarrega, Katalunia. Irailaren 11tik 14ra egingo da Tarrega (Lleida) herrian 28. Kale Antzerki Topaketa. Aurten, jardunaldi hauen antolatzaile den Fira taldearen eta Euskal Teatroa-ren elkarlanak 13 urte beteko ditu jarraian. Elkarlan hau Eusko Jaurlaritzak babesten du eta Euskal Autonomi Erkidegotik kanpo euskal antzerkigintza ezagutzera ematea du helburu.

Topaketa hauen zuzendari artistikoa den Jordi Colominasek adierazi duenez “iazko topaketetan aritutako talde euskaldunengandik aniztasuna nahi genuen bilatu, baita ibilbide sendoa duten konpainiak ere, “Gaitzerdi” kasu eta, “Ganso” eta “Katu Beltz” bezalako proposamen berritzaileak”. Euskal antzerkigintzarentzat laudorioak izan ditu Colominasek, “sormen eta produkzio maila handia” dituela nabarmenduz. Bide horretan “euskal antzerkiak Tarregako Topaketaren baitan leku esanguratsua” duela aipatu du.

Aukeratutako bi euskal lan kale ikuskizunen barruan sartzen dira, Gaitzerdiren “Otsoko” eta Gansoren “Renato”, eta hirugarrena, Katu Beltzen “Gris Mate” aretokoen baitan. “Otsoko” antzezlana (irailaren 14an) Txano Gorritxuren ipuin klasikoaren moldaketa bat da. Gaitzerdiren estiloa ageri da, nahiz eta lerro narratibo bat izan, Gaitzerdiren obran gutxitan azaldu ohi dena. Gansoren “Renato” antzerkia (irailaren 13 eta 14an), “clown” estiloan kokatzen da eta ama hiltzean ordurarte etxean sarturik egon den mutil baten desioen askatzea azalarazten du. Telebistako teledenda saio batean “Mega Circus Kit”-a erosi eta bizitzako ametsa betetzen du: zirkoan aritzea. Hala ere bizitza ez da telebistako iragarkietan saldu nahi duten bezain erraza, eta gorriak ikusiko ditu.

Azkenik, Katu Beltzen “Gris Mate” aretoko lan garaikidea izango da ikusgai (irailaren 13an). Eguzkirik gabeko giro lanbrotsu batean ageriko da agertokia. Hiru pertsonaia azalduko dira bertan: jainkoa erail nahiko balu bezala arku batekin zerura apuntatzen duen ikaslea, etsita haizea orraztea beste erremediorik ez duen ile-apaintzailea eta garbitzen dituen botetako zimurrei begira iragana asmatzen duen memoriarik gabeko bota garbitzailea.

Hau dena eta gehiago, Lleidako (Katalunia) Tarrega herriko 28. Kale Antzerki Topaketetan, irailaren 11tik 14ra.



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia