Tandil, Argentina. Urte berezia da hau Tandilgo Euskal Etxearentzat, datorren azaroan 70 urte beteko dituelako. Karia horretara egitarau berezia antolatu du elkarteak hilabetero ezohiko proposamenak eskainiz. Programa hasia da dagoeneko eta bukatu berria den martxoko hitzorduak hitzaldi bat, mus txapelketa eta txistu eta pandero tailerra izan ziren. Udalak antolatutako Kolektibitateen Janari Azokan ere hartu dute parte Gure Etxekoek, euskal sukaldaritza stand batekin.
Datozen hilabeteetan ekimenak ugalduz joango dira, jende kopuru polita biltzea espero duten proposamekin, kasu askotan Buenos Airesetik propio etorriko diren gonbidatuak tarteko. Hona urte osoko programa, hilabetez hilabete (data zehatzak hilabete bakoitzean jakinaraziko dira):
-Apirilean: txiki eta helduentzako sukaldaritza tailerrak; Pintxo Gaua
-Maiatzean: Mus Txapelketa; Mus klaseen hasiera
-Ekainean: Artea eta euskal nortasunari buruzko hitzaldia, Alfonsina Leranoz adituaren esku
-Uztailean: Sanferminak
-Abuztuan: Zutarriak Taldearen kontzertua. INCAA zine gunearekin batera antolatutako zine zikloa
-Irailean: Diasporaren Eguneko ospakizuna; Gizataldeen Jaia
-Urrian: Euskaldunen nortasunari buruzko hitzaldia
-Azaroan: Urteurreneko erromeria; "Isidro Legarreta" Pilota Paleta Txapelketa
-Abenduan: Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE); Euskal Jaiotza: mito eta legendak